Xabier Silveirak txapela jantzi du zazpigarren aldiz

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 17a

Xabier Silveirak ezustekoa hartu zuen txapeldun zela jakinarazi zutenean. Aitor AROTZENA

Julio Soto, Erika Lagoma eta Eneko Fernandezekin batera Euskal Herriko txapelketan ariko da

Xabier Silveira lesakarrak irabazi du Nafa­rroako Bertsolari Txapelketa. 1.500 bertsozale elkartu ziren mar­txoa­ren 23an Iruñeko Anaitasunako finalean eta giro ezin beroago jarri zuten saioaren hasiera-hasieratik. Zortzi finalistek maila handiko saioa eskaini zuten eta azkenean Xabier Silveira atera zen garaile 588 punturekin. Hogei puntuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Julio Sotori, hortaz ez zen buruz burukorik behar izan. Bittor Elizagoien ber­tsolari beteranoak jan­tzi zion txapela Txapeldunari. Xabier Silveiraren zazpigarren txapela da aurtengoa.
 
Erika Lagoma eta Eneko Fernandez  lesakarrak hirugarren eta laugarren sailkatu ziren. Eneko Fernandez izan da txapelketa honetako ezustekorik handiena, bere lehen parte hartzean (iaz Bardoak txapelketan plazaratu zen lehen aldiz eta txa­pel­dun izan zen) finalera sartu ez ezik, ohorez­ko postua lortu baitu. Izan ere, lau bertsolari ho­riek lortu dute udaz­ke­nean jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela. Bosga­rren postua Eneko Lazkoz­entzat izan zen (539,5 puntu) , eta haren gibeletik Jon Barberena (526 puntu), Oskar Estanga (506,5 puntu) eta Aimar Karrika (480,5 puntu) sail­katu ziren. 
 
1.500 lagunek lepo bete zuten Anaitasuna kiroldegia eta giro ede­rra izan zen. Nafarroako bertso eskoletako ordezkariek eman zizkieten sariak finalistei.
 
SAILKAPENA
 
1. Xabier SILVEIRA (Lesaka)    588 puntu
2. Julio SOTO (GorritI)    568 puntu
3. Erika LAGOMA   558 puntu
4. Eneko FERNANDEZ (Lesaka)   541,5 puntu
5. Eneko LAZKOZ (Etxarri Aranatz)   539,5 puntu
6. Jon BARBERENA   526 puntu
7. Oskar ESTANGA (Gaintza)    506,5 puntu
8. Aimar KARRIKA (Auritz)   480,5 puntu
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun