Talde lanean piztutako suak, herrietako larreak hobetzeko helburuarekin

Eneritz IRAOLA 2013ko apirilaren 17a

Erreketak egin ahal izateko gutxienez herriko bost nekazarik hurbildu behar dute erreketa egunean. Artxiboko argazkia

Arrisku maila nabarmen gutxitzeaz gain arduren afera ere konpontzen da sistema honekin

Sasiei suarekin bakarka aurre egin beharrean taldean egitea proposa­tzen dute. Basozain, suhil­tzaile eta EPRIFekoekin batera sute kontrolatuak eginez. Beren esperientzia eta baliabide teknikoak jartzen dituzte herritarren eskura mendiak garbi mantentzeko helburuarekin.

 Sua belaunetik beheiti izatea hobe dela erran ohi da, baina tentuz erabiltzen bada, helburu jakin batzuk lor­tzeko hagitz baliagarria izan liteke. Mendeetan zehar sasi jandako la­rreak garbitu eta bizi be­rritzeko bitartekoa izan da sua  eta hala izaten jarrai­tzen du. Kontu handiz jokatu beha­rra dago ordea, txinparta bat nahikoa baita ihes egiteko; sasiak erretzen hasita erabateko hondamena sortzeko.

Halakorik gertatzean sua piztu zuenaren ardura izaten zen duela gutxi arte. Nekazari eta abel­tzainak, basozain, udal, suhiltzaile eta EPRIF taldekoekin elkarlanean hasi diren arte. Eskualdeko zenbait herritan urteak darama­tzate elkarrekin lanean. Bost edo hiru urterako plangintzak egiten dituzte eta pixkanaka he­rri lurrak garbitzen joaten dira. Baztanen esaterako, suteena arazo larria izatetik, eredu izatera iritsi da. Pauso hauek segiz, Sunbillan  ere sute kontrolatuak egiteko elkarlana bultzatu nahian dabiltza. Batekoek eta bes­tekoek aipatzen dute «suteen afera kontrolpean mantentzeko irtebiderik egokiena» dela talde-lan hau.

Azaroan hasten dira  herritarren eskariak bil­tzen. Erre nahi duten la­rrea zein den zehaztu eta erreketarako arra­zoiak azaltzen dituzte.    Teknikariek eskari guztiak zerrenda batean jar­tzen dituzte arrisku gehien dutenetik gutxien dutenera.“Hektarea kopurua, landaketa edo etxebizitzak hurbil dauden edo beharra zein den» begiratzen dutela dio Aitor Bazterrikak, Baztango Udaleko basozainak. 

EGURALDIAREN MENPE

Nafarroako Gobernuak baimena ematen badu, prozedura mar­txan jartzen da. Taldea biltzeari ekiten zaio eta eguraldiak ere zeresan handia izanen du. Arrisku gehieneko erre­ketak egiteko “haize gutxi ibili eta hezetasun mailak ere baxua izan behar du» Bazte­rrikak azaldu digunez. Horregatik, erre­keta eginen den edo ez bezperan zehazten dute. Eguraldi ona luzerako ematen badute, planifikazioa ere luzeagoa egiten da. Itxuraz, erreketa egiteko eguraldiak laguntzen duela dirudienean ere, suhiltzaileek izaten dute azken hitza «egunean bertan, faktore guztiak kontuan eduki eta erreketekin aitzinera jo ahal litekeen erabakitzea beraien esku dago». Gainera, behin erretzen hasitakoan «haizea zuhai­tzen goiko aldea astin­tzen hasten bada, bertan behera geratuko da erreketa eta sua itzaliko da». 

 DATUA

400

HEKTAREA 

erre zituzten pasa den urtean Baztanen, aurten zifra horietara iristea zail izanen da eguraldiak ez duelako lagundu.

 

 ERREKETAREN MOMENTUA

Goizeko bederatziak aldera hasten dira erreketekin eta 17:00etan bukatuta egon beharko du. EPRIFeko arduradunek kontrola­tzen dute egoera, aginduak irra­ti baten bidez emanez. Erreketak ongi antolatuta egiten direla azaldu digu Bazterrikak «bi taldetan banatzen gara. Sua alde batean hasi eta inguratuz joaten gara bi taldeak, buka­tzeko denok berriro elkartuz. EPRIFekoak e­rraten digu aldi oro, zein taldek jarraitu behar duen su ematen, zein taldek itxaron behar duen». Jendearen esperientziaz baliatzen dira «batetik esperientzia handia duen taldea da; badakite nola egin suak, nola gauzatu e­rreketa, nondik hasi eta bertzetik suhiltzaileak, beraien prestakuntza eta medioak ere gure eskura jartzen dituztelako». Arrisku maila asko jeisten da «arazoen aurrean ematen den eran­tzuna azkarrago iri­tsiko litzateke, talde batek erantzuten duelako. Nekazari batek, berak  bakarrik, pala batekin ezingo luke su hori geldiarazi edo auni­tzez gehiago gostako litzaioke». Goitik beheiti egiten dituzte erreketak «denbora gehiago behar den arren, emaitzak hobeak direlako, sei bat urtez irauten dute larreek garbi». 

AURTENGO KANPAINA

Apiril hondarrean akituko da aurtengo kanpaina eta iaz lortutako kopuruak urrun geldituko omen dira «euria eta elurra izan ditugu etengabe eta ezin izan dugu nahi genuen lana bete» erran digu Baztango basozainak. Hala ere, «kontent» dago herrita­rrak pixkanaka baso erre­keten ingu­ruan kontzientzia berri bat hartzen ari direla nabari duelako «sistema honen balioaz ohar­tzen dira eta behin hasten direnek errepikatu egiten dute. Gehienbat ardura aldetik eskertzen dute, zama handi bat kentzen zaielako gainetik».

KANPAINA

 «Azaroan hasi eta apirila bitarte irauten du kanpainak, tarte horretan eguraldiak laguntzen duen egun guztietan erreketak egiten saiatzen gara». 

 ERREKETA NORABIDEA

«Goitik beheiti egiten ditugu erreketak, denbora gehiago behar den arren emaitzak hobeak direlako». 

Aitor BAZTERRIKA

Baztango udaleko basozaina

 

BASO ERREKETA EGITEKO PAUSOAK

Zein pauso eman behar dira sute kontrolatu bat egiteko?

 1. Urte hasieran eskaerak aurkezteko epea zabaltzen da (basozainei esan edo udaletxean). 

2. Zerrenda bat osatzen da jasotako eskariekin. Sutearen arrisku maila, erre nahi den basoaren kokapena (landaketak edo etxebizitzak arriskuan dauden ikusiz), beharra.... hartzen dira kontuan eta erreketak arriskutsuenetik arrisku ttikiena dutenera sailkatzen dira.

3. Nafarroako Gobernuari eskaria egiten zaio. 

4. Baimena jasotakoan erreketak egiten hasten dira, apiril hondarrean kanpaina amaitu arte.

Erreketa egunean bete beharreko gutxieneko baldintzak

1. Eguraldi ona beharrezkoa da: hezetasuna eta haizea hartzen dira kontuan. 

2.  Erreketetan guttienez bortz nekazarik egon behar dute, udaletxetik batek edo bik, EPRIFekoak erreketaren arabera (lan handiarekin gehiago) eta lauzpabortz suhiltzaile.

 

 SUNBILLAN LEHENENGO PAUSOAK EMATEN ARI DIRA

Larre erreketak egiteko plangintza indartu nahi dute
 
Larreak garbitzeko bitartekoa izan da sua betidanik Sunbillan ere. Garai batean baserritar bakoitzak, bere kabuz egiten zituen erreketak, gerta zitekeen edozein ezbeharren ardura beraien gain eroriz. Arduren afera nolabait bidera­tzeko asmotan, duela urte ba­tzuk baserritar talde bat gaia mugitzen hasi zen zer egin zitekeen pentsatzeko. Arkaitz Vicentek, Sunbillako artzainak, azaldu digunez «azken urtean udalak bultzada eman dio proiektuari eta herritarrak gogo handirekin daudela nabari da, plangin­tza bat osatu dugu, mendia erre eta errepasatzeko datozen hiru urteetan». Heldu den urteari begira «dinamika bat antolatu behar» dutela dio «jendearen eskariak bideratuko dituen per­tsona bat beharrezkoa baita».
 
Orain arte erreketak egiten zirenean eskatzaileek bere gain hartzen zuten su horren ardura. Vicentek errandakoaren arabera, «sistema berriarekin, EPRIFekoek antolatzen dute prozesua eta haien aginduak betetzen baditugu, suak ihes egin edo ezbeharren bat gertatuko balitz gertatutakoaren erantzulea EPRIF izanen litzateke. Horrek lasaitasuna ematen du». 
 
Oraingoz, «harrera ona» izan du proposamenak eta «jende aunitz» bertaratu da bileretara. «Gogotsu gaude irtenbiderik hoberena dela uste dugulako. Mendiak txukun garbitzea gure ardura da eta sistema hau indartu beharra dugu».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun