Nafarroako euskarazko hedabideak

Eskualdeko komunikabideen aldeko mus txapelketaren azken partidak apirilaren 6an jokatu ziren Sunbillan

TTIPI TTAPA 2013ko api. 8a, 12:33

21 bikote aritu ziren larunbat arratsaldean Sunbillako Ulibeltzak elkartean. Joxema Irigoien

Azpilkuetako Joxe Mari Azkarragak eta Juan Irungaraik irabazi zieten finalean Almandozko Jose Luis Oskoz eta Lorenzo Oskoz-i

Eskualdeko muslarien Champions-a jokatu zen apirilaren 6an, larunbat arratsaldean Sunbillako Ulibeltzak elkartean. Xaloa, Xorroxin eta Ttipi-Ttaparen aldeko mus txapelketak jokatu ziren herriz herri martxoko hilabetean eta herri bakoitzeko txapeldunek hitzordua izan zuten larunbatean Sunbillan. Denetara, 165 bikotek parte hartu dute eskualdeko komunikabideen aldeko mus txapelketa honetan eta beraz, beraien egitasmoekin aitzinera egiten lagunduko duten 3.300 euro inguru bildu dituzte. Ikusi bideoa

Eskualdeko muslarien Champions-a jokatu zen apirilaren 6an, larunbat arratsaldean Sunbillako Ulibeltzak elkartean. Xaloa, Xorroxin eta Ttipi-Ttaparen aldeko mus txapelketak jokatu ziren herriz herri martxoko hilabetean eta herri bakoitzeko txapeldunek hitzordua izan zuten larunbatean Sunbillan. Denetara, 165 bikotek parte hartu dute eskualdeko komunikabideen aldeko mus txapelketa honetan eta beraz, beraien egitasmoekin aitzinera egiten lagunduko duten 3.300 euro inguru bildu dituzte. Ikusi bideoa

Larunbateko azken partidei dagokienez, 21 bikote hurbildu ziren Sunbillara. Herrietan txapeldun izan zireneko bikote pare bat ez zen azaldu, Gartzain eta Ezkurrakoa zehazki, baina gainerakoan, herri gehienek bere ordezkaria izan zuten Ulibeltzak elkartean. Hori bai, batzuk, bikotekideren batek ezinezkoa zuela eta, laguna aldatuta agertu ziren. Giro ederrean joan zen arratsaldea eta pixkanaka pixkanaka, bikote batzuk galdu eta gibelera, eta bertze batzuk irabazi eta aitzinera joan ziren.

Azkenean, finalerdietan, Baztango hiru ordezkari eta Lesakako bikotea aritu ziren. Azpilkuetako Joxe Mari Azkarragak eta Juan Irungaraik irabazi egin zieten finalaurrekoan Erratzuko txapeldun izan ziren Dani Aranaz eta Jexux Bidegain-i. Hain zuzen, herriz herrikoen artean, Erratzuko Etxeleberteko Txokoan jokatutako txapelketa izan zen jendetsuena, 14 bikoterekin. Bertze finalerdian, Almandozko Jose Luis Oskoz eta Lorenzo Oskozek irabazi egin zieten Lesakako Josetxo Etxepare eta Joxe Emilio Txoperena Txoltxaneri.

Final handian, berriz, Azpilkuetako bikoteak lortu zuen azken garaipena. Beraz, Joxe Mari Azkarraga eta Juan Irungarai izan ziren txapeldunak eta Almandozko Oskoztarrak azpitxapeldun.

Irabazleek, txapelaz eta eskualdeko produktuekin osatutako zare ederraz gain, Joxelu Retegik espreski egindako garaikur ederrak izan zituzten saritzat. Azpitxapeldunek ere zare ederra eskuratu zuten eta hirugarren eta laugarren gelditu zirenek, botil bana sagardo.

Eskualdeko komunikabideen izenean, txapelketan parte hartu duten guziei eta herriz herriko txapelketak jokatu ahal izateko lekua utzi duten elkarte eta ostatuei eskerrak eman, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izanen baitzen txapelketa hau antolatzea. Eskerrak bereziki, Sunbillako Ulibeltzak elkarteari, bigarren urtez segidan finalerako aterpea eman baitigu, baita Joxelu Retegiri ere, garaikurrak emateagatik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun