Donezteben hasi eta buka, Bidasoako Pedalak ekimenak 190 kilometroko ibilbidea eskaintzen du

TTIPI TTAPA 2013ko api. 8a, 12:17

Patxi Iratzoki, Juan Carlos Garro, Margari Aierza, Pep Vega, Peio Sanz eta Cristina Arbués, ekimenaren aurkezpenean. Aitor Arotzena

Pedales del Mundo sarean sartu da Patxi Irazoki eta Cristina Arbuések bultzatutako egitasmoa

Bidasoako Pedalak mugaz gaindiko mendi bizikleta ibilbidea aurkeztu zuten apirilaren 5ean Doneztebeko Herriko Etxean. 190 kilometroko luzera eta 5.200 metro inguruko gainbehera pilatuko duen ibilbide honek, Baztan-Bidasoa, Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldeko inguruak zeharkatuko ditu eta Donezteben izanen du irteera eta helmuga eta Pedales del Mundo izeneko sarean sartuko da.

Bidasoako Pedalak mugaz gaindiko mendi bizikleta ibilbidea aurkeztu zuten apirilaren 5ean Doneztebeko Herriko Etxean. 190 kilometroko luzera eta 5.200 metro inguruko gainbehera pilatuko duen ibilbide honek, Baztan-Bidasoa, Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldeko inguruak zeharkatuko ditu eta Donezteben izanen du irteera eta helmuga eta Pedales del Mundo izeneko sarean sartuko da.

Patxi Iratzoki eta Cristina Arbues, Igantziko kirolari ezagunak dira Bidasoako Pedalak egitasmoaren bultzatzaileak. Beraiekin batera, Pep Vega, Pedales del Mundoko zuzendaria, Peio Sanz Doneztebeko udal zinegotzia eta aitatxi eta amatxi lanak bete zituzten Berako Juan Carlos Garro eta Lesakako Margari Aierza txirrindulari oihak izan ziren aurkezpen ekitaldian, baita Bertizko Turismo Partzuergoko, Caderna-Garalur elkarteko eta inguruko zenbait jatetxetako arduradunak ere.

Bidasoako Pedalak egitasmoak, bizikletan egindako kirola eta turismoa uztartu nahi ditu eta parte hartzen dutenen sasoiaren arabera, hiru, lau, bortz edo sei egunez egiten ahal da ibilbidea. Katalunian arras errotutako produktua da. Izan ere, 2005ean Pedals de Foc sortu zuten eta geroztik bertze zortzi egitasmo ere martxan paratu dituzte, Katalunian ez ezik, Frantzia, Aragoi, Lanzarote edo Granadan. Bidasoaldeko ibilbidea da sarean sartu den azkena eta Doneztebe, Bertizarana, Baztan, Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa, Sara, Azkaine, Biriatu, Hendaia, Hondarribia, Pasai Donibane, Errenteria, Oiartzun, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantzan barna izanen du ibilbidea. «Bidearen %80 baino gehiago pista eta asfaltatu gabeko bideetan barna eginen da, mendi eta itsasoaren bista ikusgarriekin», aipatu zuen Cristina Arbuesek. Inguruak eskaintzen dituen baliabide eta azpiegiturak aprobetxatuko dira eta gaua, aitzinetik erreserbatutako tokietan emanen dute partehartzaileek, bakoitzak gastatu nahi duenaren arabera. Ibilbidea hasi aitzinetik, ibilbideari buruzko liburua jasoko du txirrindulariak, baita zenbait opari eta, aukeran, GPSaren tracka ere, ibilbideak ez baitu inolako seinale berezirik. Ibilbidea bukatzen dutenek maillot berezia izanen dute opari, salgai paratuko ez dena.

Martxoan hasi eta Domisaindu bitarte ibilbidea egiteko aukera izanen da eta dagoeneko bi gasteiztarrek estreinatu dute. Lau egunez egin zuten ibilbidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun