Joan den urteko azarotik otsailera arte luzatu den Baztan-Bidasoko Sorturen eratze eztabaidan hamarnaka eta hamarnaka lagunek parte hartu dute, Beratik hasi eta Amaiurreraino. Horren ondorio, ezker abertzaleak «eskualderako bere borroka eskaintza eta proiektu politikoa garatu ahal izateko» tresna berria sortu du. Honela, Euskal Herriko bertze eskualdeetan bezalaxe, Baztan-Bidasoan ere Sortu antolatu dute, «Ezker abertzalaren erreferente politiko nagusi» izanen den erakunde berria. Apirilaren 3an egin zuten aurkezpen ekitaldia Bertizen.
Aurkezpenean aipatu zutenez, «tresna berria da, Ezker Abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenean planteaturiko hausnarketa eta aldaketa estrategikoari erantzuten diolako», baina aldi berean ez dute ahazten nor diren eta nondik datozen, «Ezker Abertzaleak historikoki garatu duen borrokaren parte gara, helburu politiko beren alde borrokatzen dugu».
Sortuko kideek bidea ez dutela bakarrik egin nahi adierazi zuten, «zentzu honetan, Sortu, Euskal Herria Bildu koalizioaren parte ere bada, indar metaketaren aldeko apustu garbia egin dugu, eta Baztan-Bidasoan ere halaxe da eta halaxe izanen da, gure eskualdean gehiagoa diren jende euskaldun, abertzale eta aurrerakoientzako alternatiba oso bat dugulako».