Langabeziko datuak kezkagarriak izaten segitzen dute eskualdean, baina halere, joan den urteko ekainaz geroztik beheiti egin du lehen aldiz langabetu kopuruak martxoan. Hilabete hondarrean 1.521 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, otsailean baino 15 guttiago. Beraz, kasik %1 jautsi da langabetu kopurua, Nafarroa osoan %0,07 jautsi da.
392 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez martxoan, baina horietatik 30 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 685 lagun daude langabezian, otsailean baino 6 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 658 langabetu daude, otsailean baino 11 guttiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, berdin segitzen du langabetu kopuruak, 114 lagunekin eta adin tarte horretako emakumeetan artean 74tik 64ra pasatu dira lanik gabe daudenak.
Eraikuntzan eta industrian langabezia goiti
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina martxoan 973tik 939ra jautsi da langabetu kopurua eta sektore ezberdinen artean jautsi den bakarra da. Industria arloan, aldiz, 276tik 286ra igo da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan, 194tik 202ra igo da langabetu kopurua. Nekazaritzan berdin segitzen du langabetu kopuruak, 34 lagunekin, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 60 lagun daude langabezian, otsailean baino 1 gehiago.