Hirugarren aldiz jokatzen ari den Sagardoaren Txapelketak ezagun ditu aurtengo finalistak. Matxin III eta Etxeberria III.ak 39-40 irabazi zieten Ortzegun Santuko lehen finalerdian Gorka Urtasun eta Lizasori. Aurten, Galarretan jokatu den partidarik onena izan zela diote adituek. Larunbateko bigarren finalerdian, Juaristik eta Agirrezabalak 40-32 irabazi zieten Urriza eta Zubiri goizuetarrari.
Beraz, finalean, Juaristi eta Agirrezabala eta Matxin III eta Etxeberria III izanen dira aurrez aurre. Hortaz, Joxe Etxeberria doneztebarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra finalean.
Txapeldunen desafioa
Bertze aldetik, martxoaren 31n 2012ko txapeldunen arteko desafioa jokatu zen Elizondoko Baztan pilotalekuan. Urteko buruz buruko lehen partida honetan Urrizak 30 eta 18 irabazi zion Gorka Urtasun iruritarrari.
Sakean hobeki asmatu zuen Urrizak eta hortik joan zen partida, piloteoan aski berdinduak eta gogorrak joan baitziren tantuak.
Elizondoko jaialdiko lehen partidan, Ezkurra II eta Julen San Miguelek 40 eta 32 irabazi zieten Endika eta Etxeberria III.ari.