Ruben Saralegi nagusitu zaio Xabier Mindegiari

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 27a

Mindegia eskuak altxatzen Saralegi irabazleari. Legarra

34 segundoko aldearekin irabazi du leitzarrak

Martxoaren 10ean, handia zen ikusmina Doneztebeko pilotalekuan. Batetik, Ruben Saralegi leitzarra, eta bertzetik Xabier Mindegia Bein­tza-labaiendarra. Nafa­rroako bigarren mailako txapelduna bata, txa­peldun ordea ber­tzea, 3000 euroko apustua tarteko. Harmailak leporaino bete ziren, eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Aurreikusi bezala, lehia bizi izan zen amaierara arte. Azkenean 34 segundoko aldearekin nagusitu zen leitzarra.
 
Hamar kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar izan zituzten. Saralegi kana-erdikoekin hasi zen eta oinbikoa bosgarren lekuan moztu zuen. Mindegiak moztu zuen bigarren enborra, be­rriz, oinbikoa izan zen. Lan erdietan, Saralegi 48 segundo aitzinetik. Bigarren itzulian, Saralegik, bi minututik gorako tartea zuen baina Mindegiak ekarritako enbor gogorra mozteko zeukan, eta hor aldeak laburtu ziren.
 
Mindegiak ez zuen amore eman eta hamargarren enborrean, ikaragarri laburtu zuen denbora, 13 segundora jar­tzea lortuz. Saralegik zuen aldeari eutsi eta azkeneko bi kana-erdikoetan tartea zabaldu zuen. Emaitzarekin oso gustora agertu zen 22 urteko leitzarra «lan oso ona egin dugula uste dut. Garbi erakutsi dugu oso ongi prestatuta etorri garela», adierazi zuen. Xabier Mindegia ere kontent zegoen emandako ikuskizunarekin: «Lehia estua ikusten genuen, eta horrela izan da. Biok lan ona egin dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun