Aritz Juaneneak debuta eginen du Galarretan

Markel LIZASOAIN 2013ko martxoaren 27a

Aritz eta Iñigo, Euskal Herriko finalean; tartean, Porron Pilota Federazioko presidenteordea. Markel Lizasoain

Endika ere gero eta kategoria gehiagoko partidetan ari da

Erremontea ez dago bere onenean, baina Saldiasko erremontelariek notizia onak ematen dituzte oraindik. Hondarrekoa Danbolingo Aritzek debuta egin behar duela. 20 urterekin sartuko da Endikaren ondora.
 
Esku pilota utzi eta erremontean hasi zen orain urteren bat dela. Afizionatuetan dauden txapela guziak irabazi ditu: GRAVNekoa, Noain­go Hiru Kirolekoa, Nafarroakoa eta azkena Euskal Herrikoa. Iaz, baita herriko pala txapelketa ere. 
 
Indar handiko mutila da Danbolingoa, eta  ongi moldatzen da frontoian. Ttikitatik du dohain hori, eskola ondoko arratsaldeak frontoian igarotzen baitzituen. 
Okerrik ez dela apirilean jokatuko du lehenengo partida Oriamendirekin , Galarretako pilotakeluan. Suerte ona izan dezala!
 
EUSKAL HERRIKO FINALA
Martxoaren 9an jokatu zuen Aritzek Euskal Herriko erremonteko finala, Iñigo Zubeldia herrikidearekin, Huarteko Euskal Jaien: 40 eta 33 egin zuten, bi azpeitiarren kontra: Segurola eta Larrañaga. Aurrean aritu zen Aritz, eta atzean, Iñigo. Gal­tzen hasi ziren saldista­rrak, 8-2, eta galtzen joan ziren ia partida gehienean (18-14 eta 26-23), baina hondarreko partida berdindu, eta ­atzeneko hamar tantoetan estualdi on bat emanda utzi zituzten hogeita hamahiruan gipu­tzak. 
 
ENDIKA ERE GORAKA
Mielmarik eta Oska­rrek utzi zuten pilotako ofizioa, baina Endikak hortxe segitzen du, eta goraka ari da hori ere. Urte batzuk dira Endika profesionaletan hasirik, eta kategoria gehixeagoko partidak jokatzen ditu orain; gainera, maiz samar sar­tzen dute hirugarren partidetan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun