Arantzako Aterpeak, Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxeak eta Bertizko Turismo Partzuergoak Euskaraz Blai Euskarazko Udalekuak kanpaina aurkeztu dute martxoaren 15ean, ortziral goizean Bertizko Partzuergoaren egoitzan. 14 urte beteko ditu aurten gazteen artean euskara suspertu eta indartzeko asmoz egiten den kanpainak eta proiektu honen eragina bi herri hauetako ekonomian eta lan arloan nabaria dela azpimarratu zuten aurkezpenean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak, Orbela aterpetxeko Mikel Albisuk eta Aterpeko Xabi Zugarramurdik, «zazpi lagun aritzen baitira aterpetxeetan, 8 begirale dinamizatzaile, 40 autobus bidaia kanpainan zehar…».
Bi aterpetxeek, Nafarroako Gobernuarekin orain arte egin duten bezala, kanpaina bera eskaintzeko konpromisoa hartu dute, ekainaren 24tik abuztuaren 31ra. Lehen Hezkuntzako 8 eta 12 urte arteko eta DBHko 13 eta 15 urte arteko 900 ikaslerendako lekua eskainiko dute, 6 eguneko eta 5 gaueko egonaldietan, hamar aste aterpe bakoitzean. Aurtengo prezioa asteko 225 eurokoa izanen da, baina berrikuntza moduan, azkeneko bi urteetako errepikatzaileek, anaia-arrebek edo gutxieneko 5 lagunen taldean izena ematen dutenek prezio berezia izanen dute, 20 euro merkeago.
Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatu du aurtego kanpaina eta haren bidez egin behar da matrikulazio prozesua apirilaren 8tik maiatzaren 10era.