Bertako lurrak landu nahi dituzte, uzta oparoa baitago oraindik ereiteko

Eneritz IRAOLA 2013ko mar. 27a, 09:51

Izaskun Abril, Xabier Artola, Jon Elizetxe eta Joseba Urrotzekin baratzeen inguruko solasaldia egin dugu. TTIPI-TTAPA

Baratzeak, autokontsumorako edo enplegurako guneak

Aisialdirako edo familietako errentak osatzeko. Geroz eta gehiago dira baratzea lantzeko asmoa dutenak. Baztanen elkarlanean ariko dira herritarrak, Cederna-Garalur, Baztango Udala eta Barras­kiloak elkartea. Lursailei bizia emanda, eskualdeari ere bizia eman nahian.

 

Behin herritik hirira lan bila joan zirenak, atze­ra  herrirako bidea hartu dute. Inguruak eskaintzen dituen baliabideei etekina atera eta aurrera egiteko modua landu nahi dute. Horretarako lehengaia: lurra. Baratzeak lantzen hasiko dira bakoitza helburu desberdinarekin: batzuk irtenbide profesional bezala, bertzeak aisialdirako. Denek dute funtsean oina­rri bera: eskura dugun ­­ho­rri zor zaion balioa ematea.

Baztan inguruan, mugimendu dezente nabari da azken aldian, ho­rregatik, gaiaren ikuspegi zabalago bat jaso­tzeko Jon Elize­txe, Izaskun Abril, Xabier Artola eta Joseba Urro­tzekin egin dugu hitzordua.

UDAL BARATZEAK

Baratze bat egin ahal izateko lehendabiziko pausoa lursaila lortzea da eta hori ez dago guztion eskura. Herrita­rren eskariari erantzunez, duela urte bete ingu­ru, Baztango Udalak, Cederna-Garalurrekin elkarlanean, udal baratzeak sor­tzeko egitasmoa jarri zuen abian. «Eskaria aztertu, lursaila topatu eta adostasun osoz onartu ditugu orde­nan­tzak» azaldu digu Jon Elize­txek.­­ Hasierako asmoetan mu­rrizketek eragina izanen dute ordea «azpiegitura aldetik egin beharreko hobekuntzak Nafa­rroako Gobernuak ematen dituen diru lagun­tzekin egin nahi ziren, zoritxarrez laguntza gabe utzi gaituzte, dato­rren urtean ere ez dute emango, horregatik gabiltza orain zer egin pentsa­tzen. Pista bederen konpondu ahal izateko». 

Baratze sozial eta ekologikoak izanen dira, autokontsumorako bideratuak «ezin da etekin ekonomikorik atera». Urtean 40 euro ordainduta, lur-zati bat erabil­tzeko eskubidea lortuko du emakidak. 

AHOLKUAK ETA FORMAKUNTZA

Asko izan dira azken aldian baratze baten bueltan eraikitako ideiaren batekin Izaskun Abrilen atea jo dutenak. Per­tsona hauei laguntzeko asmoz, «abiapuntu bezala formakuntza saioak eskaini nahiko genizkieke, saio horietan jendearen beharrak, asmoak... agerian gera­tzen direlako» erran digu. Baratze batetik lanpostu bat sortzeko «hiru hektareako eremua behar da eta lur hori ez duenak eskuratzea zaila da». Horregatik, «nekazaritzarako egokiak izan eta erabiltzen ez diren lurrekin akordioak egiteko» ahalegina egin beharko litzatekeela dio. Baratzegintzan lehenengo pausoak eman nahi dituztenentzat  Baztango baratze sozialen aukera «oso baliagarria» iruditzen zaio.  

OIHITURA ALDAKETAK

Baratzeak lantzen hasita, kontsumo eta ekoizpen moduak alda­tzeko bideak landu litezkeela uste dute Xabier Artola eta Joseba Urrotzek «hemen ekoiztu eta bertakoa kontsumitzen bada, eredu aldaketa martxan jarriko da. Hori da bidea, gure lurrek badutelako zer emana­»­.

 

 

DATUA

50

PERTSONEK

eman dute izena Baztango

Udal Baratze Sozial eta

Ekologikoen proiektuan


 DATUA

Euskal Herrian kontsumi­tzen

ditugun produktuen  

%10

ekoizten dugu bertan

 

JON ELIZETXE, BAZTANGO UDALEKO ZINEGOTZIA

«Herrian ditugun lurrei probetxua ateratzeko modua dira baratzeak» 

Baztango Udalak baratze sozial eta ekologikoak jartzeko proiektua du esku artean «lurrik ez duenari, bere produktuak lantzeko aukera emateko» erran digu Jon Elize­txek. Batzuk aisialdirako bideratuko dituzte baratzeak, baina zenbaitentzat «familien sostengurako bidea izanen dira, autokontsumorako elikagaiak lortuko dituztelako». Baratze hauekin «herrian ditugun lurrei probetxua» atera eta belaunaldien arteko transmisio ere bul­tzatuko da Elizetxeren ustez «ilargien afera, noiz erein behar den, noiz bildu behar den... kontrolatzen duten pertsonak dauzkagu in­guruan, hori altxor­ bat da eta baratzeek jakintza hori zabal­tzen lagunduko dute». Jendeari «bertzelako ekoizpen  eta kontsumo  mota bat jarriko zaio eskura» horrela, «kontzientzia aldaketa bat» ere bul­tzatu nahi dute. Eredu be­rri bat eraikitzea beharrezko­tzat jotzen dute, «lu­rrak sasiz beteta egon eta kanpotik erostea ez da irtenbidea». 

IZASKUN ABRIL, CEDERNA-GARALURREKO GARAPEN AGENTEA

«Gure lurrari eta ekoizten dugunari balio erantsia ematea da gakoa»»

Azken urteetan lan aukerak desagertzen ari direla ikusita, jendea «bertze ereduen bila» hasi dela nabaritu du Izaskun Abrilek, «lehen sektorean lanean hastea planteatzen du orain aunitzek». Pauso hori eman nahi dutenei laguntza eskain­tzen die Cederna-Garalurrek, proiektuak bideratu eta formakuntza eskainiz «ikastaroetan jendearen beharrak ateratzen dira, ikuspegi zabalago batetik ikusten dute gaia eta abiapuntua izaten da jendeari bul­tzada bat emateko». Aldaketa eman dadin «gure lurrari eta ekoizten dugunari balio eran­tsia ematea da gakoa» Abrilen erranetan. Baratzea landuta bakarrik ez da bidea egiten ordea, ekoizten dena kontsumi­tzen denarekin lotu behar da «elkarlana baldin badago bakarrik izanen dira proiektu hauek bideragarriak». Bara­tzeetatik hasita, aurrera pauso handiak eman litezkeela uste du  «u­rrats ttikiak emanez, ttiki auni­tzek, gure eskualdeari bultzada ematea lortu liteke».

JOSEBA URROTZ, BARATZEA LANTZEN ARI DA

«Ikusi dugu eredu honek huts egin duela aldatzeko garaia da»

Etxe inguruan dituzten alo­rrak lantzen hasi dira berriki Joseba Urrotz eta bere bikotea «eskura genuen lurrari aterabide ekonomiko bat» emateko helburuarekin. Bide berri honetan, garai bateko nekazaritza eredua hartu dute oinarri­ «azken urteetan nekazariak gurpil zoro batean sartuak daudela uste dut, inbertsio handiak egin, produzitu aunitz, koste baxuetan...ikusi da ez duela funtzionatzen». Eraldaketa bat egon dadin pausoak pixkanaka egin behar dela dio «hurbileko bideak hartu behar dira, kontsumo elkarte eta sareak indartu eta gure kasuan salmenta zuzena bultzatu». Urro­tzek dio salneurrien afera sar­tzen dela hor jokoan «produktu ekologikoak garestiak irudi­tzen zaizkie batzuei, ho­rrek a­tzetik duen lana azaldu eta erakutsi beharko litzaioke agian». Epe luzera, denon­tzat mesedegarria dela uste du «elikagai osasuntsuak kontsumitzeaz gain, gure herrian eta gure herriarentzat lanean ari baikara».

XABIER ARTOLA, BARRASKILOAK ELKARTEKO IDAZKARIA

«Hurbileko kontsumoa eta ekoiz­pena elkarrekin landu behar dira»

Barraskiloak kontsumitzaile elkartearen ustez, azken urteetan nekazaritza eredu oker bat bultzatu da «teknologia garatzeko egin dira ahalegin guztiak, ekoizten denaren kalitateari begiratu beharrean, kantitateari erreparatuz».  Iragana eta oraina lotzen dituen bidea eraiki behar dela uste du «garai bateko naturarekiko harremana, aurrekuntza teknologikoekin  uztartuz». Artolaren erranetan «geroz eta gehiago dira bertan kontsumi­tzeko apustua egin eta nekazaritza ekologikoa bul­tzatzen dutenak». Hala ere, Kon­tsumoa egon ahal izateko, ekoizpena ere beha­rrezkoa dela gaineratzen du «ez du zen­tzurik bertako kon­tsumo bat eskatzeak, inork ekoizten ez badu». Norberak lan hori egiteak erosteko modua aldatu dezakeela uste du, «beste balio bat ematen zai­o produktuari eta atzean dagoen lana» izaten du gogoan erosleak «itxu­ra hain perfektua ez duen azenarioak, gure bara­tzeko tipula ekartzen digulako gogora». 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun