Larretxea-Etxeberria bikotea nagusitu da Olasagastiren aurkako apustuan

Ttipi-Ttapa 2013ko martxoaren 25a

Oihan Larretxea eta Felix Etxeberria apustuko irabazleak, Donato Larretxearekin batera. Ondikol

Minutu eta 48 segundoko aldea atera diote

Erronka berezia jokatu zen igandean Doneztebeko pilotalekuan; aizkolari bat biren kontrako apustua. Harmailetan 800 ikusle, handia izan zen ikusmina eta aizkolariek ez zuten huts egin. Apustuaren bigarren zatian erabaki zen guztia eta Larretxea eta Etxeberriak lortu zuten garaipena. Minutu eta 48 segundoko aldea aterata, bikoteak eskuratu zituen jokoan zeuden 3000 euroak.

Erronka berezia jokatu zen igandean Doneztebeko pilotalekuan; aizkolari bat biren kontrako apustua. Oihan Larretxea eta Felix Etxeberriak osatutako bikotea batetik, Joxemari Olasagasti bestetik. 3000 euro jokoan. Harmailetan 800 ikusle, handia zen ikusmina eta aizkolariek ez zuten huts egin, ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Etxeberriak eta Olasagastik ongi burutu zuten lana saio guztian zehar. Larretxeak berriz, apustuaren bigarren zatian erakutsi zituen bere dohaiak. Aurreneko apustua zuen eta lehen partean saioari tamaina hartzea dezente kostatu zitzaion. Hala ere, apustuaren bigarren zatian, erakustaldi polita eskaini zuen. Azkenean, eskualdeko bikoteak lortu zuen garaipena, minutu eta 48 segundoko aldea aterata.

Hogei kana-erdiko ebaki behar zituzten. Olasagastik bakarka eta bikoteak bosna enborreko txandak eginez. Lehia estua bizi izan zen. Etxeberria eta Olasagasti hasi ziren lanean, eta bost kanaerdiko ebakitakoan, Larretxeari txanda pasa zionean, 21 segundoko abantaila zuten nafarrek beraien alde. Lehen zatiko azken tartean, ordea, Olasagastik ia gaina hartu zion Larretxeari, eta 20 segundo jan zizkion. Hala, lan erdietan segundo bakar bateko aldea besterik ez zuten Etxeberriak eta Larretxeak. Hortik aurrera, Etxeberriak zabaldu zuen tartea. Segundo bateko aldea izatetik 45ekoa izatera pasa zen. Olasagastik dagoeneko zaila zuen garaipena lortzea eta Oihanek apustuaren bigarren zatian izan zuen gorakadarekin ezinezkoa bihurtu zen. Lanak 51:28 minutuan amaituta bikotea irten zen garaile. Olasagastik berriz, 53:17 minutu behar izan zituen hogei kanaerdikoak ebakitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun