Larunbatean jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean kantatuko ez badu ere, Bittor Elizagoien bertsolaria ere protagonista izanen da Anaitasunan. Izan ere, berak jantziko dio txapela Nafarroako txapeldunari. Horrez gain, finalistek Juanan Viedma artistak prestatu dituen oroigarri berezi bana jasoko dute.
Bittor Elizagoien bertsolari baztandarra giltzarria izan da gaur egun Nafarroako bertsolaritzak bizi duen loraldian, besteak beste belaunaldian arteko zubia izan zelako. Bere sorreratik parte-hartze oso aktiboa izan du Nafarroako Bertsozale Elkartean, eta gaur egun ere zuzendaritzako kidea da. Halaber, bertsolaritzaren aldeko langile porrokatua da Elizagoien.
Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin harreman estua du Elizagoienek, 1979tik 2011ra edizio guztietan hartu du parte; 17 finaletan egon da eta bitan jantzi du txapela, 1994an eta 1999an. Horrez gain, zientoka saio egin ditu Euskal Herri osoan.
Arratsaldeko 4etan irekiko dira Anaitasunako ateak
Finala arratsaldeko 17etan hasiko da, eta Anaitasunako ateak ordubete lehenago irekiko dira, 16etan.
Takilan, berriz, azken sarrerak salduko dira 15,30etatik aurrera. Anaitasuna bertso jarduera gozo baterako egokitu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, hortaz aforoa mugatua da.
Zuzeneko emisioak eta saio berezia ETB-n
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak ikusmin handia piztu du eta horren lekuko da finalak hainbat hedabidetan izanen duen zuzeneko jarraipena.
Bertsoa.com eta Eitb.com interneteko atarietan zuzenean eskainiko dute saioa. Zuzeneko emisioa eginen dute Xorroxin eta Info7 irratiek ere.
Horrez gain, larunbatean berean ETBren lehen kateak finalaren laburpen zabala eskainiko du 22etatik aurrera.
Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean dago.