Eskualdeko euskarazko komunikabideen aldeko mus txapelketa otsailaren 16an hasi zen eta geroztik kanporaketa ugari jokatu dira han hemenka. Apirilaren 6an Sunbillako Ulibeltzak elkartean jokatuko den finalerako txartel baten bila arituko dira asteburu honetan ere.
Ortziralean, Zigako Asteburu Elkartean 20:30ean eta Donamariako Herriko Ostatuan 21:30ean hasiko dira partidak. Larunbatean, berriz, Legasako Kattalin aterpean 16:30ean eta 21:00etan Oizko posadako eta Saldiasko Ostatuko partidak hasiko dira. Elgorriagako Herriko Ostatuan 16:30ean, Zubietako Herriko Ostatuan 16:00etan, Urdazubiko Gauiñera Elkartean 21:30ean eta Zugarramurdiko Akelarre Elkartean hasiko dira txapelketako partidak.
Txapelketetan parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak. Herri bakoitzean izan daitezkeen sariez gain, txapelketako irabazleek, txapela eta trofeoez eta 300 eurotan baloratutako saria izanen dute. Nafarroako Gobernuak dirulaguntza ukatu eta bertze diru iturriak murriztu diren honetan, eskualdeko komunikabideek bertze diru sarrerak bilatu behar izan dituzte. Iaz, 198 bikotek parte hartu zuten txapelketan eta 4.000 euro bildu ziren.