Xabier Silveira lesakarrak irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 1.500 bertsozale elkartu ziren martxoaren 23an, larunbatean Anaitasunako finalean eta giro ezin beroago jarri zuten saioaren hasiera-hasieratik. Zortzi finalistek maila handiko saioa eskaini zuten eta azkenean Xabier Silveira atera zen garaile 588 punturekin. Hogei puntuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Julio Sotori (568), hortaz ez zen buruz burukorik behar izan. Bittor Elizagoien bertsolari beteranoak jantzi zion txapela Txapeldunari. Xabier Silveiraren zazpigarren txapela da aurtengoa. Ikusi argazkiak
Haren gibeletik Julio Soto, eta Erika Lagoma (558) eta Eneko Fernandez (541,5 puntu) lesakarrak sailkatu ziren. Eneko Fernandez izan da txapelketa honetako ezustekorik handiena, bere lehen parte hartzean finalera sartu ez ezik, ohorezko postua lortu baitu. Izan ere, lau bertsolari horiek lortu dute udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela. Bosgarren postua Eneko Lazkozentzat izan zen (539,5 puntu) , eta haren gibeletik Jon Barberena (526 puntu), Oskar Estanga (506,5 puntu) eta Aimar Karrika (480,5 puntu) sailkatu ziren.
1.500 lagunek lepo bete zuten Anaitasuna kiroldegia larunbatean eta giro ederra izan zen. Nafarroako bertso eskoletako ordezkariek eman zizkieten sariak finalistei.