Hernaniko Esnal eta Errekako Gorriti nagusitu dira elite mailako finalean

TTIPI-TTAPA 2013ko mar. 15a, 15:00

Malerrekako eskuz binakako pilota txapelketako finaletan parte hartu zuten pilotariak ageri dira Juan Mari ONDIKOL

Otsailaren 23an, goiz eta arratsaldez jokatu ziren zazpi kategorietako finalak

Erreka elkarteak antolatutako Malerrekako eskuz binakako hamekagarren pilota txapelketako finalak jokatu ziren otsailaren 23an Doneztebeko udal pilotalekuan. 500 bat lagun pasatu ziren egunean zehar pilotalekutik eta giro ederra izan zen.
Goizean ttikienen txanda izan zen Benjamin mailan, Ilunpeko Egiguren eta Elosegik 18 eta 6 irabazi zieten Ziotzako Perurena eta Ugartemendiari.
 
Alebinetan, Oberenako Oskoz eta Cuairanek ere 18-6 irabazi zieten Ilunpeko Unanue eta Alberdiri.
 
Infantiletan, Errekako Iker Salaberria  goizuetarrak eta Mariezku­rrenak 18 eta 11 irabazi zieten Lapkeko Zubizarreta eta Ilunpeko Alberdiri.
 
Behin goizeko partidak akituta, ohitura onak ez galtzeko, bazkaria izan zuten antolatzaile, partehartzaile eta laguntzaileek Santamaria jatetxean. Bazkalondoan, jokatu ziren gainerako finalak.
 
Kadete mailan, Donibaneko Petite eta Eskuderok 18 eta 9 irabazi zieten Markinako Arri­zabalaga eta Urizarri.
 
Eskualdeko pilotarien ordezkaritzarik zabalena jubenil mailako finalean izan zen Berako Gure Txokoako Ander Errandonea eta Iñigo Martinezek 22 eta 11 irabazi zieten Lesakako Arkupeko Jon Olaizola eta Oberenako Goñiri.
 
22 urtez beheitiko kategorian, Amurriko Goikoleak eta Oiarpeko Ander Imazek 22 eta 18 irabazi zieten Oiarpeko Ugalde II eta Ugalde I.ari.
 
Elite mailako finalean, azkenik, Hernaniko Esnal eta Errekako Go­rritik 22 eta 13 irabazi zieten Tolosako Pilota Aniztasuna taldeko Bello­sori eta Oberenako Etxamendiri. Gisa honetara, Esnalek bere bigarren txapela jantzi zuen eta Malerrekako txapelketa irabazi duen pilotari beteranoena da, martxoaren 15ean 39 urte eginen baititu. Final nagusia berdindua joan zen hasieran eta 8-9 irabazten izan ziren Belloso eta Etxamendi, baina 9-0ko partzialarekin aldegin zuten txapel­dunek eta hortik aitzinera erraz nagusitu ziren.
 
Finalak akitu eta gero, luntx bikaina eskaini zen, 30 bat patata tortilla, 5 kilo urdaiazpiko eta txorizo, zortzi gazta eta bertze hainbat jaki banatu baitziren. Ohorezko gonbidatuen artean, Montxo Iriarte Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, Pe­dro Uriarte Euskadiko Federazioko idazkaria, Inaxio Errandonea Aspe enpresaren ordezkaria, Jesus Mari Rubio Antiguoko txapelketaren antolatzailea eta Miguel San Miguel alkatea eta Oskar Mindegia kirol zinegotzia, Doneztebeko udalaren izenean, hurbildu ziren frontoira.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun