Bidasoaldeko II. Saria antolatuko du Igantziko Biltokik maiatzaren 25ean

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 15a

Txirrindulariak Nabazera igotzen 2011ko Bidasoaldeko Sarian. Artxiboko argazkia

Nafarroako elite eta sub-23 mailetako errepideko txapelketa ere proba horretan erabakiko da

Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen dituen lasterketen baitan sartuko da aurten ere Bidasoaldeko Saria. 2011. urtean antolatu zuen lehen aldiz Igantziko Biltokiko txirrindularitza atalak eta aurten ere Biltoki izanen da antolatzaile. Elkarte honen asmoa eskualdeko talde ezberdinen artean txandaka antolatzea da, baina 2012ko edizioa arrazoi ezberdinengatik ez zen egin, nahiz eta Gure Txokoak egutegian sartua izan.
 
Aurtengo edizioak duela bi urtekoaren ibilbide beretsua izanen du. Bi aldiz pasatuko da Piedadeko gainetik eta hain gogoko izan zen Nabazko igoera polit eta gogorra ere sartu dute ibilbidean. Kilometrajea handitzeko, Beran Lizuniaga aldera zerbait luzatzea ere aztertzen ari dira.  Izan ere, 2011ko lasterketa 105 kilome­trokoa zen, Lehendakari txapelketako Sub-23 kategoriako lasterketa baterako aski, baina aurten elite kategoriako txirrindulariak ere aterako dira, beraz Euskaldun txapelketarako baliagarria izanen da eta horretarako 125-130 kilometroko ibilbidea pres­tatu beharko da.
 
NAFARROAKO TXAPELKETA
Aldaketa honen arra­zoia zera da: Bidasoaldeko Sari honek, Nafa­rroako errepideko txapelketa ere erabakiko duela. Beraz, elite eta sub-23 kategorietako lehenbiziko nafarrak, 2013ko Nafarroako e­rre­pideko txapeldun ere izanen dira.
 
Bidasoaldeko II. Saria maiatzaren 25ean abiatuko da, larunbat arratsaldeko 3:30ean eta Nafarroako Itzuliaren aitzineko astean denez, maila handiko parte hartze zabala espero da. Proba antolatzeko bilerak egiten ari da Biltoki eta abudo ibilbideko herrietako zaleekin harremanean jarriko da, segurtasun arloko gaiak lotzeko. Probaren aurrekontua 5.000 euro ingurukoa da eta hori estal­tzeko udal erakunde, ba­bes­le eta Nafarroako Gobernuaren espero dute.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun