Kanboko Xalbador ikastegiaren haunditzearen ordaintzea da aurtengo Herri Urratsen helburua

Franck Dolosor 2013ko martxoaren 15a

Herri Urrats eta Seaskako arduradunek aurtengo bestaren leloaren eta helburuen berri eman dute berriki Baionan. Franck DOLOSOR

“Hogeita abar urte” lelopean Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta erraldoia ospatuko da Senpereko aintziran maiatzaren 12an. Hitz joko hunekin antolatzaileek erakutsi nahi dute hogoita hamargarren bestak segida biziki luzea izan beharko duela oraino ikastolen beharrak gero eta haundiagoak baitira. Gaurko egunean, 3 eta 18 urte arteko 3.000 ikasle pasa dabiltza Seaskaren 30 ikastoletan eta kopuruak azkarki haunditzen dira urtez urte. Aurtengo irabaziekin Kanboko Xalbador ikastegiko berritze eta haunditze lanen parte bat ordainduko dute. Ondoko egunetan, Seaskako ordezkariak Fran­tziako gobernuak Baionan duen ordezkariarekin bilduko dira geroaz mintzatzeko. Gogoan izan, berriki gobernu ordezkariak erran zuela Iparraldeko herriko etxeek ezin zituztela ikastolak diruz lagundu eskola pribatuak direlakoan. Hendaiako herriko etxeari mehatxu egin zion estatuaren diru laguntzak kentzea itsas bazterreko hiri hunek euskarazko eskola be­rria eraikitzen baldin bazuen. Seaskak lege be­rria nahi du egoera behingoz finkatzeko eta etorkizuna bermatzeko. Izan ere, Iparraldeko ikastolen %90ak diru laguntza publikoak jaso­tzen dituzte.
 
Bertzalde, Seaskako lagunak Eusko Jaurlaritza berriarekin bilduko dira laster jakiteko 2013an zoin laguntza eskuratzen ahalko duten. Seaskak salatu du aintzineko gobernua, Patxi Lopez sozialistarena, joan dela hitza jan eta. Hitz emana zuen 400.000 euroko lagun­tza eman gabe joan da PSE-EEren gobernua Seaskaren erranetan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun