Zapatilak jantzi eta euskararen alde Korrika egiteko aukera izanen dugu eskualdean. Martxoaren 17an, igandean, Sarara iritsiko da lekukoa 04:20an. Handik Lizuniagan barna Berako lurretan sartuko da Korrika. Herria erdiz erdi zeharkatu eta N121a errepidetik Lesakako bide zaharretik barna joanen dira korrikalariak, 05:50an bidegurutzera iristeko. Pausoz pauso, Etxalar eta Igantziko bidegurutzeetatik pasako dira, Nazional 121era berriro ateratzeko. Bidean aurrera eginen dute Sunbillara iritsi arte, herria zeharkatu eta Donezteberako bidea hartzeko. 07:25ean iritsiko da Doneztebera, herri barnera sartu eta bueltatxo bat emanen du. Gero, Bertizaranara iritsiko da lekukoa, Narbartetik 07:50ean pasako da eta Baztango lehenenengo herrira, Oronozera, 08:00ak inguruan iritsiko dira. Arraiozen barna, Iruritara 08:35ean iritsiko da. Elizondon 09:00ak inguruan, buelta bat eman eta berriro bueltatzen Iruritara joanen dira. Iruritatik goiti Artesiagako bidea hartuko dute, 11:00ak aldera lekukoa aldaketa egin eta Korrika eskualdetik aterako da. Azken egunean, martxoaren 24an, berriz eginen du eskualdera bisita, Baionara iritsi aurretik, Azkainetik pasako da 06:45ean eta Senperen 07:40an.
Baina gure ingurura ordu ttikietan etorriko dela kontuan hartuz, Korrika haundiaz gain, Korrika Ttikia ere eginen da hainbat herritan. Gehienetan martxoaren 15a, ortzirala, aukeratu dute horretarako eta ikastetxeetan prestakuntza lanean ari dira buru-belarri.
Gainera, Korrika Kulturalaren baitan ere hainbat ekitaldi egin dira eta egitekoak dira egunotan. Erraterako, Bertso Korrika, euskaldun berriei egokitutako bertso saioa eta bertso musikatuak izanen dira ortziralean Elizondon eta Lesakan omenaldia eskainiko da larunbatean.
Eman euskara elkarri!