Arantzako Aterpeak, Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxea eta Bertizko Turismo Partzuergoak Euskaraz Blai Euskarazko Udalekuak kanpaina aurkeztu dute martxoaren 15ean, ortziral goizean Bertizko Partzuergoaren egoitzan. 14 urte beteko ditu aurten gazteen artean euskara suspertu eta indartzeko asmoz egiten den kanpainak eta proiektu honen eragina bi herri hauetako ekonomian eta lan arloan nabaria dela azpimarratu zuten aurkezpenean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak eta Partzuergoko presidenteak, Orbela aterpetxeko Mikel Albisuk eta Aterpeko Xabi Zugarramurdik, «bertzeak bertze 7 lagun aritzen baitira aterpetxeetan, 8 begirale dinamizatzaile, 40 autobus bidaia kanpainan zehar… ».
Bi aterpetxeek, Nafarroako Gobernuarekin orain arte egin duten bezala, kanpaina bera eskaintzeko konpromisoa hartu dute, ekainaren 24tik abuztuaren 31ra. Lehen Hezkuntzako 8 eta 12 urte arteko eta DBHko 13 eta 15 urte arteko 900 ikaslerendako lekua eskainiko dute, 6 eguneko eta 5 gaueko egonaldietan, 10 aste aterpe bakoitzean. Aurtengo prezioa asteko 225 eurokoa izanen da, baina berrikuntza moduan, azkeneko bi urteetako errepikatzaileek, anaia-arrebek edo gutxieneko 5 lagunen taldean izena ematen dutenek prezio berezia izanen dute, 20 euro merkeago.
Nafarroa osoko 600 ikaslek parte hartu zuen 2012ko kanpainan.
“Euskarazko Udalekuak - Euskaraz Blai” proiektuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalaren onikusia jaso du eta Europa mailako onespena du. Halaxe, Arantzako Aterpek eta Beintzako Orbela aterpeak giza talde eta ikastetxeekin proiektu ezberdinen kudeaketan esperientzia handia erakutsi dute azken urteotan. Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatu du aurtego kanpaina eta haren bidez egin behar da matrikulazio prozesua apirilaren 8tik maiatzaren 10era www.consorciobertiz.org webgunean, udalekuak@consorciobertiz.org helbide elektronikoan edo astelehenetik ortziralera, 08:30etik 15:00etara 948 592323 telefonora deituz.