Eskualdetik atzerrira, lan etorkizun baten bila...

Eneritz IRAOLA 2013ko martxoaren 14a

Bataz beste, urtean 278 lagun joaten dira lan bila Nafarroatik kanpora

Krisiaren itzaletik ihes, geroz eta gazte gehiagok hartu dute atzerrirako bidea. Batzuk lanean ari dira eta bertzeak berriz oraindik bila. Denboraldi baterako egiten dute maleta. Noizbait, bilatzen duten lan eskaintza hori etxean aurkitzeko esperantza ez baitute galdu.

 Poltsikoak haizez beteta batzuk, lan eskaintza bati segiz bes­teak. Geroz eta gehiago dira sorterritik kanpora lanera joaten diren gazteak. Lehendabiziko egunetan denek an­tzeko sentimenduak bizi dituzte: ilusioa, he­rri-mina eta herrialde be­rri batean egoteak sortzen duen izu puntua. Gari, Julen eta Ama­ia, Lei­tza, Doneztebe eta Goizuetatik joan ziren. Hegazkinez ordu eta erdira bat, bidaia luzeagoa egin zuten ber­tze biek ozeanoak tarteko. Euskal He­rrian ez zutena topatzeko, atzerrira begiratu behar izan dute. 

Herrialdea ez dute itsu­-mustuan aukeratu. Amaiak esate baterako, zientzia munduan erreferentea den herrialdea aukeratu du bere ikerketekin jarraitu ahal izateko. Julen eta Garik berriz,  lan egiten duten bitartean herrialde hartako hiz­kun­tzan trebatu eta maila hobe­tzeko probestu nahi dute.

 Hizkun­tza horixe bera, akuilua izaten da hasieran. Eguneroko ha­rreman guztiak ozta-ozta menperatzen duten hizkuntza batean egin behar izaten baitituzte. Ingelesa ongi menperatzen zuela uste zuenak ere komeriak izan zituen.

Oraingoz esperien­tzia aberasgarria izaten ari dela diote hirurek, baina ez dute Euskal Herritik begirada gehiegi aldentzen. Milaka kilometrotara lan egin beharrean, beraiek ere nahiago lukete, etxetik hurbil lan egitea. Ahun­tzak larrera itzultzen diren gisara, haiek ere, egunen batean etxera itzultzea dute buruan.

 GARI ETXEBERRIA, LEITZATIK ZELANDA BERRIRA

«Lan kantitateari begiratu beharrean, egindako lanaren kalitateari ematen diote garrantzia hemen»

Urte hasieran iritsi zen Gari Etxeberria Aucklandera. Lei­tzako kale lasaiak, Zelanda Berriko 1.300.000 biztanleko hiriagatik aldatu zituen. Hemen lan egiten zuen enpresaren egoera zaila zela ikusita, «3-4 hilabeteko atzerapenak genituen soldatetan, lan eskaintzarik ez eta gaur egun ingelesa ere edonon eskatzen dizute» urte beteko eszedentzia hartu eta atze­rrira joatea erabaki zuen. Hainbat aukera esku artean ibili ondotik, «Zelanda Berriko paisaiak, lan eskaintzak eta bertako jendeari buruz entzundako iritzi onak» bertara eraman zuten.

Lehenengo egunak «arraroak» izan zirela aitortu digu «in­gelesez ez nekien deus». Herritik hirirako aldaketa ere «handia izan zen, inor ezagutu ez eta hizkuntza jakin gabe, komeriak izan nituen». Lehenengo egunetan, hizkuntza eskolaren bidez hango familia batekin bizi izan zen, baina egun, aparteko etxe­bizitza batean bizi da «kataluniar eta txiletar batekin». 

Momentuz, ingelesa ikasten ari da, «lan egiteko oinarrizkoa baita». Behin maila bat lortzen duenean, hurrengo pausoa lan bila hastea izanen da. Lan eskaintzak badaudela dio eta gaineratzen du «soldata ttikienarekin bizimodu txukun bat» eduki litekeela han.

Zelanda Berrian, lanerako filosofia desberdina dutela nabaritu du «Euskal He­rrian ahalik eta lan gehien egitea izaten da helburua, askotan presaka. Hemen be­rriz, egiten dena ongi egiteari ematen zaio garrantzia». Izan ere, lana topatzerakoan jar­tzen duten baldintzetako bat horixe da, «lanean giro ona sor­tzea eskatzen dizute». Gehien harritu duena ordea, lehenengo sektoreari ematen zaion garrantzia izan da «gobernuak ikaraga­rrizko laguntzak ematen dizkie nekazariei eta oso ongi ordaindua dagoen lan bat da. Euskal Herrian halako laguntzak bagenitu...».

Atzerrian bizitzeko oztoporik handiena egin beharreko tramiteak dira bere ustez «inmigrazioarekin oso zorrotzak dira. Hiru hilabete baino gehiagoz bizi nahi baduzu hemen, eskolaren batean izena eman edo bestela Working holiday baimena eskuratu» behar duzu. Baimenak lortzeko biderik azkarrena «bertako enpresa batek lan eskaintza egitea» da.

Printzipioz, urte bete behintzat emanen du etxetik kanpo.  Euskal Herrira itzuliko dela dio, «euskaldunok lotura berezia baitugu gure herriarekin».  Noiz itzuliko den ordea ez daki, «hemen bilatzen dudan lanaren eta Euskal Herriko egoeraren menpe egonen da erabaki hori».

JULEN ETXEBESTE, DONEZTEBETIK INGALATERRARA

«Ingalaterran ez dut krisi hitza hainbestetan aditzen, lan aukera batzuk badaude hemen eta Euskal Herrian baino lasaiago bizi naiz»

Euskal Herrian lanik topatzen ez zuela ikusita «kanpora joatea aukera ona zela» pentsatu zuen Julen Etxebestek. Maleta egin eta Ingalaterrara, Yorkshire ingurura joatea erabaki zuen «ingeles apur bat banekienez, lan egin bitartean hizkuntza maila hobetzeko aukera izanen nuela pentsatu nuen». Hara joan aitzinetik, lan agentzia batean izena eman eta haiek elkarrizketak topatu zizkioten,  «ez nuen arriskatu nahi hona etorri eta ezer ez aurkitzera». Agentziakoek elkarrizketak prestatu zizkioten eta ez zitzaion gehiegirik kosta lanpostua lortzea «lehenengo elkarrizketan ezezkoa jaso nuen eta bigarrenean baietz erran zidaten». Iritsi eta egun gutxiren buruan, Walsfhord herriko hotel batean hasi zen lanean. Datorren hilabetean urtea beteko du bertan. 

Hasiera ez zen erraza izan, «ingeles pixka bat banekiela uste nuen, egunerokoan moldatzeko adina bai.  Ingelesez bizitzen hasitakoan ohartu nintzen, solasteko orduan, nire ingeles maila nahiko kaxkarra zela».Baina, jendearekin konfidantza hartu orduko «lotsa galtzen hasten zara eta hori da garrantzitsuena hizkuntza bat ikasteko. Nongoa zaren eta nor zaren azaldu nahi eta ezin izatetik, ongi moldatzera pasatzen zara».

Atzerritar aunitz bizi den ingurua da eta «azken aldian, lan bila etorri den gazte kopuruak gorantz egin duela» nabaritu du Julenek. Bertako eta atzerritarren artean elkarbizitza ona dela irudi­tzen zaio, baina desberdintasunak begi bistakoak direla gehitzen du «ingelesak bes­te maila batean daude. Herrialde aberats gehienetan gertatzen den bezala, lan mota batzuetan atzerritarrak bakarrik aritzen dira». Oztopoetako bat ere horixe dela dio, «bertako jendearekin harreman ona izan arren, beraiek beti atzerritar bezala ikusten zaituzte eta horrek lanean hobetzeko ez du lagun­tzen».

Euskal Herriak bizi duen egoera ekonomikotik urruntzea lortu du horrela, «Ingalaterran bizita, ihes egin izan banu bezala da, ez dut krisi hitza hainbestetan aditzen, hemen lan aukera batzuk badaude eta han baino lasaiago bizi naiz».

Oraingoz lanpostuz igotzea lortzen badu «pixka batean bertan geldituko naizela» uste du. «Hizkuntza aldetik aunitz dut oraindik hobetzeko». Esperientzia oso aberasgarria dela dio eta «ahal duenari atzerrira lan bila joatera animatuko» lioke.  Gustora dago bai, baina ez da betiko han geldituko «nire tokia Euskal Herrian dagoela uste dut, horregatik, ahal dudanean bueltatu eginen naiz».

AMAIA LUJANBIO, GOIZUETATIK ESTATU BATUETARA

«Nire ikerketekin segitu nahi nuen eta gauza berriak ikasi. Horretarako aukera hoberenak atzerrian daude»

Goizuetatik New Yorkera egin zuen jauzi Amaia Lujanbiok. Biologian doktoratua, txikitatik naturak eta bereziki biziak jakin-mina sortu izan dio. Jakin min horri tiraka, erabaki zuen «ikerketekin segitu eta gauza berriak ikasteko atzerrira joatea». 

Ikerketen kopurua eta kalitatea, lagun­tza ekonomikoen arabera doala azaldu digu eta ildo horretan, arazoa dela  «Euskal Herrian ez dugula lagun­tza askorik». Kalitatezko lan eta proiektuak burutan ibili arren, «etxean lan egiteko aukera gutxi dago».

Minbiziaren arloan punta puntako ikerketak egiten ari da orain, Manhattango Memorial Sloan Kettering Cancer Center-ean.  Bertan, «munduko ikerlari hoberenekin lan egin eta haietatik ikasteaz gain, pentsatzeko moduak ere» ikasten ari dela aipatzen du. Hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuarren eta euskaldunen arteko desberdintasun nabarmenena, «kultura eta mentalitatean» dagoela dio, «Amerikarrek ez dute izurik proiektu berri bat hasteko, ho­rregatik dira aurrenak gauza askotan». 

New Yorkera etorri baino urte bat lehenago hasi zen lan bila, «bi elkarrizketa izan nituen Bostonen eta beste bi New Yorken. Hemengo laborategia gustatu zitzaidan gehiena eta zortea eduki nuen, lanpostua bertan eman zidaten».

Lehenengo hilabeteetaz galdetuta, erran digu hizkuntzarekin arazo bat edo beste izan zituela «nire ingeles maila ez zen oso ona eta pixka bat kosta zitzaidan ohitzea». Horretaz gain, atze­r­rian lan egitearen oztopo handiena «hasieran galdua sentitzea» da berarentzat eta «etxekoak eta etxea faltan botatzea, eske­rrak internetek distantziak laburtzeko aukera ematen duen». 

Atzerrira joatea erabaki zuenean, Estatu Batuetan bost urtez egotea zuen burutan eta orain ere «5-6 urtez bertan lan egitea espero dut» erran digu. Hala ere, Euskal Herrian edo etxetik hurbilago dagoen beste herrialderen batean, lanerako aukerak izatea gustatuko litzaioke. Egunen batean, «ikasitako guztia etxera bueltan eramateko aukerarekin» egiten du amets. 

 

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun