Andoaindik Baionara. Hamaika egunetan Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak. Eskualdera martxoaren 17an, igandean, iritsiko da. Lekukoa Saran hartu eta Bortziriak, Bertizarana eta Baztango zenbait herritatik igaroko da. Azken egunean, martxoaren 24an, Baionara iritsi aurretik Azkaine eta Senperera eginen du bisita. Milaka izanen dira AEKren alde metroak egin edo urte osoan zehar diru laguntza emanen dutenak. Guztia beharrezkoa, euskalduntze prozesuari bultzada emateko.
E. IRAOLA
Eman euskara elkarri da leloa. Zer erran nahi du?
Euskaran oinarritutako elkarbizitza aldarrikatzen du. Aitzineko eta gibeleko hitza euskaraz egitea posible eginen duen bizikidetza. Ez dakienak dakienari erakutsiz; solastu ez, baina ulertzen duenak euskaldunei euskaraz hitz egiteko aukera emanez... Elkarrekin solasteko, elkar entzuteko eta ulertzeko hizkuntza izan behar du euskarak. Hizkuntzak guztiok behar baikaitu: euskaldun zahar eta berriak, dakitenak eta ez dakitenak, elkarrekin. Kohesiorako lehengaia eta tresna izan behar du euskarak.
Euskalduntzen eta alfabetatzen ari direnak omenduko ditu Korrikak. Eskualdean zein da arlo horretan egoera?
Gure eskualdea euskalduna da, horregatik ez dago ikasle potentzial aunitzik. Ehuneko ttikiiak dira erdaldunak eta horrek sarritan arazoak sortzen ditu taldeak osatzerako orduan. Bertzalde, badira urtetik urtera goiti doazen egitasmoak, solaslagunena kasu. Txalotu egin behar dira ekimenean parte hartzen duten bi alderdiak. Astean behin elkartzeko konpromezua hartu eta betetzen duten euskaldun zahar eta berriak.
Zein da AEKren egoera Nafarroan?
Ikasle kopuruari dagokionez, ez da jeitsiera handiegirik egon, baina igoerarik ere ez. Afera da, Nafarroako diru laguntzak urtetik urtera ttikiagoak direla. Hain dira ttikiak, kasik ez direla existitzen ere erran litekeela. Horregatik da hain garrantzitsua AEKrentzat Korrika. AEKren biziraupenean, euskalduntzeko prozesu horretan bultzada ikaragarria da. Korrikari esker bakarrik ziurtatzen dugu AEKren biziraupena. Noizbait matrikulak dohainik izatea nahiko genuke. Denon eskura jartzea euskara ikasteko aukera. Gaur egun, saiatu arren, hori ezinezkoa da.
Jendearen laguntza garrantzitsua da...
Mundu guztia gonbidatu nahiko nuke Korrikan parte hartzera.Norberak ahal edo nahi duen moduan eman dezake laguntza hori. Batzuk kilometroak erosiko dituzte, besteak Korrika Laguntzaile izanen dira hamabi euroren truke. Komertzioak Korrika Lagun izan litezke. Zenbaitek laisterka egin edo ekitaldi kulturaletan parte hartuko dute...
Herrietan batzordeen laguntza ere baduzue.
Azpimarratu eta eskertu egin behar da eskaintzen duten laguntza guztia. Motor lana zenbaitetan herritarrek beraiek egiten baitute. Lan ikaragarria da eta pertsona horien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke Korrika aitzinerat eramatea.
Korrika iristear da, aurretik ekitaldi kulturalak prestatu dituzue eskualdean?
Urtean zehar egin dira eta orain ere bada aukera. Baztanen Bertso Korrika dugu martxoaren 15ean, euskaldun berrientzat egokitutako bertso saioa da eta ondotik, trikitilarien laguntzaz bertso musikatuak izanen dira. Bortzirietan, martxoaren 16an, larunbatean, izanen da egun handia. Euskara ikasleei omenaldia eginen diegu Lesakan. 18:00etan plazatik abiatuta Korrika sinbolikoa eginen da. Bortzirietako Korrika izena eman diogu. Bortz lekuko aldaketa izanen direlako, herri bateko ikasleek beste herrikoei emanen diete lekukoa. Segidan, omenaldi ekitaldia izanen da plazan. Dantzari, trikitilari, bertsolari eta euskaltegiko ikasle eta irasleek hartuko dute parte eta taloak jateko aukera ere izanen da.
AFERA
«Nafarroako diru laguntzak urtetik urtera ttikiagoak dira. Hain dira ttikiak, kasik ez direla existitzen ere erran litekeela. Horregatik da hain garrantzitsua AEKrentzat Korrika. AEKren biziraupenean, euskalduntzeko prozesu horretan bultzada ikaragarria da»