Ane Petrirena Insausti atleta sunbildarrak garaipen garrantzitsuak lortzen segitzen du. Azken bi urteetan, kadete mailan 300 metroko Espainiako txapeldun izana zen eta aurten kategoria berrian, jubenil mailan, berriz ere Espainiako txapeldun suertatu da pista estaliko 200 metroko lasterketan, bere atletismoko bidean koska berri bat ezarriz.
Martxoaren 2 eta 3ko asteburuan lortu zuen garaipena Antequeran (Malaga) eta 25 segundu eta 39 zentesimako marka egin zuen. Jubeniletako bere lehen urte honetan, urtarrilean, Donostiako Anoeta Belodromoan ezarru zuen Ane Petrirenak Nafarroako errekor berria lasterketa honetan (25”31). Beraz, 8 zentesimarengatik izan bazen ere, Malagan ez zuen bere marka hobetzerik izan.
Ane Petrirena Insausti 1997ko otsailaren 27an jaio zen, beraz 16 urte egin berriak ditu. Atletismoan, azken hiru urteetan ibilbide oparoa egin du. 2011n, Espainiako kadete mailako txapelketa irabazi zuen Valladoliden, 300 metroak 40”82an eginez (Nafarroako errekoz berria). 2012an ere Espainiako kadete txapelketa irabazi zuen Zaragozan, 300 metroak 40”19an eginez eta, beraz, aitzineko urtean berak ezarritako errekorra hobetuz. Gainera, Espainiako bakarkako txapelketa irabazi zuen Castellonen, 300 metrotan eta Nafarroako txapeldun absolutua izan zen 100 metroko lasterketan.
Aurten, pista estaliko luzera saltuan Nafarroako txapeldun absolutua izan da. Horretaz gain, aipatu bezala, pista estaliko 200 metroko lasterketan , jubenil mailan Nafarroako errekorra hobetu (25”31) eta Espainiako txapelketa irabaztea lortu du.