Artzain «Amerikanoen» argazki eta testigantzak biltzen ari da Euskal Artzainak Ameriketan Elkartea

Ttipi-Ttapa 2013ko martxoaren 12a

Malerreka eta Bertizaranako artzain «Amerikanoen» argazki eta ehunka istorio ari dira biltzen.

Malerreka eta Bertizaranan ari dira orain bilketa lanean

Ameriketara artzain joan zirenen bizipenak ahantzi ez daitezen, beraien inguruko ondarea biltzen ari dira. Eezko, Erro, Baztan eta Bortzirietakoak jaso ondotik, Malerreka eta Bertizaranan ari dira orain bilketa lanean. Christina Irigoyenek Sunbillako testigantza eta argazkiak jaso ditu. Malerrekako gainontzeko herrietako eta Bertizaranako artzainak elkarrizketatzeaz berriz, Tomas Ibarra zubietarra arduratu da. Horretaz gain, Baztango Udalak eskatuta, bertako eskoletan erakusketak eta hitzaldiak antolatu ditu Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteak. Herriz herri, artzainen argazkiekin egindakon panelak ikusgai paratuko dira eta Josephine Etcheverry, Alejandro Cordoba, Joxe Iturralde eta Fermin Barazabal artzainek beren bizipenak kontatuko dituzte.

Euskal Artzainak Ameriketan Elkartea Ameriketara artzain joan zirenen inguruko ondarea jasotzen ari da. Oroimen historikoaren alde lanean, eskualdeko belaunaldi batek bizi izan zuena ahantzi ez dadin lanean dihardute. Eezko, Erro, Baztan eta Bortzirietakoak jaso ondotik, Malerreka eta Bertizaranan ari dira orain bilketa lanean. Christina Irigoyenek Sunbillako testigantza eta argazkiak jaso ditu. Malerrekako gainontzeko herrietako eta Bertizaranako artzainak elkarrizketatzeaz berriz, Tomas Ibarra zubietarra arduratu da.

Horretaz gain, Baztango Udalak eskatuta, Baztango eskoletan ere erakusketak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Herriz herri, artzainen argazkiekin egindako panelak ikusgai paratuko dituzte eta Josephine Etcheverry, Alejandro Cordoba, Joxe Iturralde eta Fermin Barazabal artzainek beren bizipenak kontatuko dituzte. Hitzaldi eta erakusketa hauekin, Baztango gazteek, orain dela urte batzuk bailarako gazteek bizi izan zutena ezagutzea lortu nahi da. Baita bertze lurraldeetan utzi zuten fama ona ere. Elkarteak Maitane Maritorena zinegotziari egin zion «proposamena» eta  Baztango eskola guztien eskaera izan dute Euskal Artzainak Ameriketan elkartean.

Dagoeneko zehaztu dituzte datak: martxoaren 12n, Arraiozen izanen dira goizeko 12:00etan. Martxoaren 14an berriz, 12:00etan Zigan eta 15:15ean Oronozen. Martxoaren 18an, goizeko 12:00etan Gartzainen eta 15:00etan Iruritan. Arizkunen 19an, goizeko 12:00etan eta igandean martxoaren 20an Amaiurko ikasleek izanen dute bisita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun