Korrika iritsi bezperan, motorrak ongi berotzeko aukera izanen da Malerreka eta Bertizaranan. Malerrekako Korrika Batzordeak, Gazte Burrunbak eta Antziña aisialdi taldeak egun osoko besta antolatu dute martxoaren 16an, larunbatean. Goizeko 10:30ean, bizikleta martxa prestatu dute. Bertizko aparkalekutik hasita, pedalei eraginez, Sunbillaraino joanen dira. Bidean, Legasako elkartean geldialdia egin eta indarrak hartuko dituzte gosari eder batekin.
Sunbillan bazkaldu eta ondoren haurrentzako jokuak izanen dira. Donezteben 17:00etan dantza saioa antolatu dute Santa luzia plazan eta 19:00etan, triki-poteoa eginen dute Santa Luzia plazatik hasita. 22:00etan bertso-afaria izanen da jubilatuen elkartean. Txartelak titi ostatuan daude salgai, 15 eurotan. 01:00ean Askatu, Ahorta 30 mm eta talde sorpresa batek kontzertua eskainiko dute eta besta ziur luzatuko dela. Bakarren batzuk zuzenean, bertzeak ongi deskantsatuta, 18.Korrikaren lekukoa hartuko dute igandean goizeko 07:00etan Donezteben.