Ruben Saralegik irabazi du Xabier Mindegiaren aurkako apustua

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 11

Saralegik lortu zuen garaipena Mindegiaren aurkako apustuan, amaierara arte lehia bizi izan zen norgehiagokan. Legarra

Norgehiagoka bizian, 34 segundoko aldearekin nagusitu zen leitzarra

Martxoaren 10ean, handia zen ikusmina Doneztebeko pilotalekuan. Nafarroako II.mailako txapelduna bata, txapeldun ordea bertzea eta 3000 euroko apustua tarteko. Hamar kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar zituzten eta lehia bizi izan zen amaierara arte. 34 segundoko aldearekin nagusitu zen leitzar gaztea. Egindako lanarekin eta emandako ikuskizunarekin, gustora geratu ziren bi aizkolariak. 

Martxoaren 10ean, handia zen ikusmina Doneztebeko pilotalekuan. Batetik, Ruben Saralegi leitzarra, eta bertzetik Xabier Mindegia Beintza-Labaiendarra. Nafarroako II.mailako txapelduna bata, txapeldun ordea bertzea, 3000 euroko apustua tarteko. Desafioa ikusteko harmailak leporaino bete ziren, eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Aurreikusi bezala, lehia bizi izan zen amaierara arte. Azkenean 34 segundoko aldearekin nagusitu zen leitzar gaztea.

Hamar kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar izan zituzten. Saralegi kana-erdikoekin hasi zen eta oinbikoa bosgarren lekuan moztu zuen. Mindegiak moztu zuen bigarren enborra, berriz, oinbikoa izan zen. Lan erdietara iritsitakoan, Saralegi aurretik zihoan, 48 segundoko tartearekin. Bigarren itzulian, Saralegik, bi minututik gorako tartea zuen baina Mindegiak ekarritako enbor gogorra mozteko zeukan, eta hor aldeak laburtu ziren.

Mindegiak ez zuen amore eman eta hamargarren enborrean, ikaragarri laburtu zuen denbora, 13 segundora jartzea lortuz. Saralegik zuen aldeari eutsi eta azkeneko bi kana-erdikoetan tartea zabaldu zuen. Hala, amaieran garaipena lortu zuen Ruben Saralegik, jokatzen zuen lehenengo apustuan. Emaitzarekin oso gustora agertu zen 22 urteko leitzarra «lan oso ona egin dugula uste dut. Garbi erakutsi dugu oso ongi prestatuta etorri garela», adierazi zuen. Xabier Mindegia ere kontent zegoen emandako ikuskizunarekin «lehia estua ikusten genuen, eta horrela izan da. Biok lan ona egin dugu», erran zuen apustuaren amaieran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun