Finalerako zortzikotea erabaki da Elizondoko azken finalaurrekoan

TTIPI TTAPA 2013ko martxoaren 11

250 bertsozale bildu ziren larunbatean Elizondoko Lur aretoan. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Aimar Karrika irabazleak bakarrik lortu zuen finalerako txartela Lur aretoan

Elizondoko Lur aretoan martxoaren 9an jokatutako azken final aurrekoaren ondotik, erabakita gelditu da martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Nafarroako bertsolari txapelketaren final handia jokatuko duen zortzikotea: Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga.

Elizondoko Lur aretoan martxoaren 9an jokatutako azken final aurrekoaren ondotik, erabakita gelditu da martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Nafarroako bertsolari txapelketaren final handia jokatuko duen zortzikotea: Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga.

Elizondon jokatu zen martxoaren 9an, larunbat arratsaldean, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Txapelketako hainbat final ezagutu dituen Lur aretoak hartu zuen saioa, eta berriro ere bertsozaleek ederki erantzun diote hitzorduari, 250 inguruk segitu zuten bertatik bertara saioa.

Finalerako sailkapena zen Elizondon jokoan zegoena, ez bakarrik taula gainean aritu den seikotearentzat, baita entzuleen artean zeuden beste hainbat bertsolarirentzat ere. Presio hori hasieratik sentitu zuten saioko protagonistek eta horren ondorioz ezin izan zuten haien onena eman, finalaurrekorik apalena izan zen.

Aimar Karrikak lortu zuen lehen postua, hortaz bertsolari auriztarrak lehen aldiz kantatuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Gainerako bost bertsolariek ez zuten hori lortu, Elizondotik bertsolari bakarra sailkatu baitzen Anaitasunako finalerako. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, Julen Zelaieta beratarra eta Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarra, gertu-gertuan izan ditu irabazleak.

Xabier Maiak laugarren egin du, etxekoen babes handia jaso du elizondarrak. Haren atzetik, Oier Lakuntza eta Saioa Alkaiza sailkatu dira.

Elizondoko saioaren ondotik, erabakita gelditu da martxoaren 23an finala jokatuko den zortzikotea: Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga.

Finalerako sarrerak jadanik salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun