Emakumearen nazioarteko egunaren harira, ekitaldi aunitz eskualdean

Ttipi-Ttapa 2013ko martxoaren 8a

Ospakizuna eta aldarrikapena eskutik, asteburu osoan zehar eskualdean eginen diren ekitaldietan.

Besta eta aldarrikapena uztarturik

Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko egunean, moreak dira kartelak, moreak jantziak edo paparrean lotutako laxoak. Eskualdea ere morez tindatuko da eta ez soilik ortziralean, asteburu osoan zehar ekitaldiak antolatu baitira han hemenka. Elkarretaratzeak, antzerkiak, solasaldiak, afari-meriendak, dokumental emanaldiak, kontzertuak, mendi ibilaldiak...badago non aukeratua. Ospakizunez gain, aldarrikapenerako egunak ere izanen dira, berdintasuna lortzeko bidean oraindik badagoelako zer egina.

Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko egunean, moreak dira kartelak, moreak jantziak edo paparrean lotutako laxoak. Eskualdea ere morez tindatuko da eta ez soilik ortziralean, asteburu osoan zehar ekitaldiak antolatu baitira han hemenka. Elkarretaratzeak, antzerkiak, solasaldiak, afari-meriendak, dokumental emanaldiak, kontzertuak, mendi ibilaldiak...badago non aukeratua. Ospakizunez gain, aldarrikapenerako egunak ere izanen dira, berdintasuna lortzeko bidean oraindik badagoelako zer egina.

Bortzirietan, «Emakume eta gizon, biak ala biak, eskubideen jabe» leloa aukeratu dute. Arantzan, elkarretaratzea eta manifestu irakurketa eginen dute ortziralean plazan 19:00etan eta ondotik, filma, solasaldia eta afari merienda izanen dituzte Baskulan 20:00etan. Beran, bi egunetan eginen dituzte elkarretaratzeak. Lehendabizikoa martxoaren 8an, 10:30ean Toki Ona Institutuan. Ikasle talde batek trikitixa joko du eta kantu berezi bat abestuko dute. Horretaz gain, argazki erakusketa bat ikusteko aukera izanen dute eta lila edo morez jantzita joanen dira gehienak. Bigarren elkarretaratzea berriz, otsailaren 10ean izanen da Altzateko Plazan. Lesakan, martxoaren 8an, antzerki saioa eskainiko dute Ainhoa Alberdi eta Iraia Eliasek. "Ta oain ze?" ikuskizuna, pleno aretoan izanen da 19:00etan. Saioaren ondotik, elkarretaratzea eta manifestu bat irakurriko dute plazan. Martxoaren 9an berriz, Lesakako Musika Bandak kontzertua eskainiko du Onin errekaren inguruan, 12:30ean. Igantzin, larunbatean 19:00etatik aitzinera Arantxa Gurmendiren "Emakumeak Plazan" dokumentala ikusteko aukera izanen da. Emanaldiaren ondotik solasaldia eta afaria merendua antolatu dituzte. Hurrengo egunean, martxoaren 10ean, elkarretaratzea eta manifestu irakurketa eginen dituzte udalean, 12:00etan. Etxalarren Bortzirietako emakumeen laugarren mendi itzulia eginen da martxoaren 10ean. Aurten Etxalarko Zentinelara igoko dira emakumeak eta goizeko 09:00etan paratu dute hitzordua herri sarrerako aparkalekuan. Menditik jautsita elkarretaratzea eginen dute 13:00etan plazan eta gero bazkaria izanen dute Etxalarko Herriko Ostatuan. 18:00etan, Mentxu Peña Lizarazuren “Emakumea mendian ere bai” proiekzioa eskainiko da Kultur Etxean.

Baztanen, "Berdintasunak mundura eraldatzen du: defenda ezazu" lelopean antolatu dituzte ekitaldiak Udalak eta elkarteek. Martxoaren 8an Elizondon, bideo-proiekzioa antolatu du Eguzkilore elkarteak Arizkunenean 17:30ean eta 21:30ean Bidelagun afaria. Gaztetxean berriz, 18:00etatik 20:00ak arte, adimen sexualaren inguruko tailerra izanen da, desioak eta beharren inguruan solastuko dute. Larunbatean, eguerdian bazkaria eginen dute gaztetxean. Bazkalondoan poteoan, kalejiran, mozorrotuta... ibiliko dira eta gaueko 23:00etatik aurrera, kontzertua eta DJak jarriko dute bestarako giroa. Martxoaren 10ean, Ain1 musika taldeak kontzertua eskainiko du Arizkunenean 19:00etan. Kultura Batzordeak antolatu du eta dohainik izanen da. Emakumearen egunaren harira, martxoaren 16an autodefentsa tailerra eta 17an, Oihulari Klown taldearen "Zai beti zai" emanaldia izanen da.

Leitzan, ostiralean, afari merienda autogestionatua eginen dute Atekabeltzen 20:30ean. Bertzalde, martxoaren 15era arte, Emakumeak eskubideen alde zutik! Nikaraguako emakumeak izeneko erakusketa ikusgai egonen da Torrean. Nikaraguako emakumeek beraien eskubideen alde, indarkeria sexistaren aurka eta ahalduntzearen inguruan egiten duten lana agertzen da. Areson, martxoaren 8an, 19:00etan emakume gazteek pairaturiko eraso sexistei buruzko pelikula emanen dute udaletxeko ganbaran. Filmaren ondotik eztabaida izanen da eta segidan, afari-merienda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun