Transbidasoa-Euromaster taldeko txirrindulariak joan den asteburuan Tafalla eta Oliten jokatu zen “Challenge Zona Media” delakoan aritu ziren. Iñaki Villoria iruritarra izan zen Mendiko sailkapenean onena, Luziano Mitxelena lesakarrak ere master60 mailan garaipena lortu du, bigarren etapan nagusituz.
Larunbatean Tafallan Iñaki Villoria tropelaren aintzinean pasa zituen 80 kilometro luze bakarlanean eta helmugatik hamabost bat kilometrora harrapatu zuten; Ion Zeberiok Artajonako igoera aintzinetik, igoeran eta jeitsieran saiatu zen baina ezin izan zuen saihestu 24 laguneko taldeak garaipena jokatzea. Irungo Josean Larrea izan zen garaile. Igandean Teo Casabal Mirandarrak irabazi zuen, helmugan Ibon Urtiaga Betelutarra 7. eta Iñaki Villoria 10. izan ziren tropeleko sprintean aurrekaldean sartuaz. Mikel Arburua igantziarrak lan handia egin zuen bi egunetan bere taldekideen mesedetan eta tropelean helmugaratu zen Oliten.
Iñaki Villoriak larunbatean emandako erakustaldia garaipenerako balio izan ez zuen arren mendiko sailkapena ziurtatzeko puntu mordoxka eman zizkion.