Iparraldeko hondakinen transferentzia gunearen inaugurazioa egin zuten joan den ortziralean, martxoaren 8an, Donezteben. Nafarroako Hondakinen Partzuergoak sustatzen du zonaldeko hondakin biodegradagarrien garraioa kudeatzeko eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari eta Partzuergo horretako presidente den José Javier Esparzak parte hartu zuen ekitaldian, Doneztebeko alkate Miguel San Miguel-ek, Toki Administrazioko zuzendari nagusi Patxi Perez-ek eta baita NILSA (partzuergoaren erakunde kudeatzailea) sozietate publikoko gerente Andrés Sola-k bezalaxe.
Eraikitzen den mota horretako hirugarren fabrika da, Tafallakoaren eta Zangozakoaren ondoren: mankomunitateek beren zaborra eramaten duten tokiak dira, eta bertan trinkotzen dira, azken helmugara, Tuterako `El Culebrete´-ko tratamendu-fabrikara, heldu arte. Fabrika horiek eraikiz hondakinaren azken helmuga tratamendu egokia duen zentro bat dela ziurtatzen da, Europako araudien arabera, eta baita toki-zabortegiak desagertzea ere.
Doneztebeko fabrikak Nafarroa iparraldeko hondakinak hartzen ditu, zehazki Bortziriak eta Malerrekako mankomunitateenak eta Baztango udalarenak: 22.000 bizilagunek sortutako 8.000 tona inguru urtean. Bertan hondakinak prentsatzen dira, haien bolumena txikituz toberatan trinkotutako sistema baten bidez.
Esparza kontseilariak aipatu zuenez, «partzuergoaren helburuetako bat nafar guztiei hondakinak biltzeko eta tratatzeko sistema bakar eta homogeneo bat ematea da, foru-lurraldeko edozein puntutan kostu bera izanik eta Europako araudia betez». Gainera, «guztion laguntza» eskatu du, «ahalik eta adostasun handienarekin, 2020rako zabortegiak desagertzeko helburua lortzearren».
Transferentziagune hori eraikitzeko 2,5 milioi euro behar izan dira, eta kopuru horretatik 2 milioi Nafarroako Gobernuak jarri ditu 2009-2012 Toki Inbertsioen Planaren bidez eta, gainerakoa, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak. Transferentziagunearen mantentze-lanetarako kostuak eta hondakinen garraioa Partzuergoak berak kudeatutako partzuergo-tasaren diru-bilketaren kargu finantzatuko dira.
Hondakinen bilketa eta tratamendua transferentziaguneetan
Udalerrietako bilketarako kamioiak, sei tonatako edukierarekin, geografikoki dagokien transferentziagunera joaten dira deskargatzera (Tafalla, Zangoza edo Doneztebe). Bertan garraiatutako edukia husten dute tobera batzuetan, eta handik sisteman sartzen ez diren tamaina handiko hondakinak apartatzen dira soilik. Prentsa baten bidez, zaborra trinkotu egiten da eta, hala, haren bolumena murriztu daiteke. Handik, 20 tonatako kamioietan garraiatzen dira `El Culebrete´-ko biometanizazioko fabrikara. Lehen, mankomunitateetako bilketarako kamioiek zaborra beren zabortegietara eramaten zuten edo Gongorakora, bestela. Transferentziaguneak abian jarrita, bidaien kopurua erdira jaitsi da kamioiek edukiera handiagoa dutelako; horrenbestez, CO2 isurketak bi heren murrizten dira eta garraio-kostuetan ere asko aurrezten da.
Donezteben hartutako hondakinen azken helmuga `El Culebrete´-ko biometanizazioko fabrika da. Han lehen tratamendu mekaniko bat gainditzen dute eta, haren ondorioz, hiru fluxu lortzen dira: lehena, materia organikoarena; bigarrena, errekuperatutako hondakin geldoena (brick, papera, aluminioa) eta hirugarrena, birziklagarriak ez diren errefusena. Materia organikoaren fluxua egokitzapen-prozesu batetik pasa behar da digestore batean sartzeko; digestore horretan oxigenorik ez izatean eta ondo astindu ondoren, hura biometanizatzeko aldeko baldintzak sortzen dira. Prozesu horren ondoren, lortutako gasek aurre-tratamendu bat gainditu behar dute. Ateratzen den azken gasa, metanoan aberatsa dena, elektrizitatea sortzeko erabiltzen da motor batean egindako errekuntzaren bitartez.