Langabeziko datuak gero eta kezkagarriagoak dira eskualdean eta otsail hondarrean 1.536 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, ilbeltzean baino 36 gehiago. Langabetu kopurua neurtzen denetik inoiz ez dira hainbertze izan eskualdean eta Nafarroako osoko banaz bertzekotik (%1,67 igoera) goiti igo da Doneztebekoan (%2,40 gehiago).
319 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez otsailean, baina horietatik 32 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adin tarte eta arlo guzietan goiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 679 lagun daude langabezian, urtarrilean baino 17 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 669 langabetu daude, urtarrilean baino 9 gehiago. Gazteen artean egoera ez da hobea. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, 111tik 144ra igo da langabetu kopurua otsailean eta adin tarte horretako emakumeetan artean 67tik 74ra pasatu dira lanik gabe daudenak.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta gainera, urtarrilean 965etik 973era igo da langabetu kopurua. Industria arloan ere 263tik 276ra igo da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan, 186tik 194ra igo da langabetu kopurua. Nekazaritzan ere 3 langabetu gehiago daude, 34 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 59 lagun daude langabezian, urtarrilean baino 4 gehiago.