Julio Soto eta Xabier Silveira, Nafarroako txapelketako lehenbiziko finalistak

TTIPI TTAPA 2013ko martxoaren 4a

Etxarri Aranazko saioan aritu zen seikotea Nafarroako Bertsozale Elkartea

Atarrabia eta Etxarri Aranazko final aurrekoetan nagusitu ziren

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalaurrekoak jokatu dira asteburuan, larunbatean Atarrabian eta igandean Etxarri Aranatzen. Julio Sotok eta Xabier Silveira irabazi dituzte lehen bi finalaurreko horiek, hortaz finalerako lehen bi txartela eskuratu dituzte. Hurrengo larunbatean jokatuko da Elizondon azken finalaurrekoa eta finalistak erabakiko.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalaurrekoak jokatu dira asteburuan, larunbatean Atarrabian eta igandean Etxarri Aranatzen. Julio Sotok eta Xabier Silveira irabazi dituzte lehen bi finalaurreko horiek, hortaz finalerako lehen bi txartela eskuratu dituzte. Hurrengo larunbatean jokatuko da Elizondon azken finalaurrekoa eta finalistak erabakiko.

Larunbatean Atarrabian 300 lagunek goraino bete zuten herriko Kultur Etxea, maila handiko saioa eskaini zuten oholtzara igo ziren sei bertsolariak eta Julio Sotorentzat izan zen lehen postua. Saio hasieran Atarrabiako bertso-eskolako gaztetxoek ongi etorria eman zieten bertsolariei zein bertsozaleei.

Julio Sotok lehen saioa zuen aurtengo Txapelketan, txapelduna izanagatik zuzenean baitzegoen finalaurrekoetarako sailkatuta. Gorritikoak saio polita egin zuen eta bereziki bakarkako ariketetan nabarmendu zen, lan aparta eginez.

Bigarren postua Erika Lagoma lesakarrarentzat izan zen. Haren atzetik lehia estua izan zuten Oskar Estanga, Joxema Leitza eta Iñigo Olaetxea sailkatu ziren. Finalaurreko seigarren sailkatua Iñaki Aleman izan zen.

Puntuazioak

Julio Soto, 467 puntu

Erika Lagoma, 436 puntu

Oskar Estanga, 400,5 puntu

Joxema Leitza, 393,5 puntu

Iñigo Olaetxea, 389,5 puntu

Iñaki Aleman, 335,5 puntu

 

Etxarri Aranatzen, Silveira

Txapelketako bigarren finalaurrekoa igandean jokatu zen Etxarri Aranatzen. Atarrabian bezala, bertsozaleek erantzun ezin hobea eman zuten eta lepo bete zuten herriko Kultur Etxea. Eta Atarrabian bezala, bertso saio eder batekin gozatzeko aukera izan zuten bertsozaleek.

Xabier Silveirak eskuratu zituen puntu gehien, eta zuzenean sailkatu martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako. Saio erregularra egin zuen lesakarrak, bereziki nabarmena ofizioetako lanetan. Hala ere, atzekoak ez ziren lozorroan eta gertu-gertu izan zituen bigarren zein hirugarren egin zuten Jon Barberena eta Eneko Lazkoz. Etxarriarrak etxean kantatu zuen eta txalorik handienak jaso zituen.

Eneko Fernandez lesakarrak azken-laurdenetan utzi zuen inpresio ona berretsi eta balio handiko laugarren postua eskuratu zuen. Ander Fuentes “Itturri” zubietarrak eta Josu Sanjurjo lesakarrak itxi zuten sailkapena.

Puntuazioak

Xabier Silveira, 440 puntu

Jon Barberena, 426 puntu

Eneko Lazkoz, 424 puntu

Eneko Fernandez, 401,5 puntu

Ander Fuentes “Itturri”, 389 puntu

Josu Sanjurjo, 378,5 puntu

 

Azken finalaurrekoa Elizondon martxoaren 9an

Atarrabiako eta Etxarriko finalaurrekoak jokatuta, Julio Soto eta Xabier Silveira dira finalean txartela segurtatuta duten bertsolari bakarrak. Gainerakoek Elizondoko azken finalaurrekoan gertatzen denaren zain egon beharko dute. Hurrengo larunbatean, hilaren 9an, arratsaldeko 17,30ean honako bertsolariak igoko dira Lur aretoko oholtzara: Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi “Luze”, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia. Saio horretan erabakiko da finalean arituko den zortzikotea.

Elizondoko finalaurrekorako zein martxoaren 23an Iruñean jokatuko den finalerako sarrerak salgai dira www.bertsosarrerak.eu web gunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun