Otsailaren 16an hasi zen erremonteko Sagardoaren Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Hirugarren edizioa bete duen txapelketa antolatzeko Hernani eta Astigarragako zortzi sagardotegiren babesa izan dute. Bertzela elkarrekin gutxitan ikusten diren bederatzi bikote ari dira, gaur egungo izarrak eta etorkizunekoak nahasiz. Kike Elizalde antolatzaileak aurkezpen egunean adierazi zuenez «bikoteak horrela sortuta, etorkizuneko jokalariei estelarretan jokatzeko aukera eman zaie».
TXAPELKETA SISTEMA
Bederatzi bikoteak bi taldetan banatuta ari dira: A taldean lau bikote eta B taldean bost. Denek denen aurka jokatuko dute eta talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalaurrekoetan izanen dira. A multzoan, Koteto Ezkurra doneztebarra eta Andoni Saldias oiztarrak osatzen dute bikote bat; Aritz Zubiri goizuetarrak Urriza txapelduna du lagun aitzineko koadroetan. Gorka Urtasun iruritarra Doneztebeko Iñaki Lizasorekin ari da eta eskualdeko pilotaririk izanen ez duen bikote bakarra Etxeberria IV eta Jonek osatuko dute.
B multzoan, joan den urtean Oñatzekin batera txapeldun izan zen Julen San Miguel doneztebarrak Josetxo Ezkurra II, herriko hasiberria du lagun aurten. Endika saldiastarra Barrenetxea IVarekin ari da eta Joxe Etxeberria III doneztebarrak Matxin III du aurrelari. Zeberio II eta Urko, eta Juaristi eta Agirrezabalak osatzen dute boskotea.
Martxoaren 28an jokatuko da lehenbiziko finalerdia. A taldeko lehena B taldeko bigarrenaren aurka arituko da. Martxoaren 30ean izanen da bigarren semifinala, B taldeko lehenak A taldeko bigarrenaren aurka jokatu beharko du. Irabazleek apirilaren 6an jokatuko dute finala Galarretan.