680 eta 640 kiloko kategorietan ez zen lehian sartu, baina Amaiurko sokatira taldea Euskadiko txapelketan parte hartzen ari da 600 kiloko kategorian. Kategoria honetako lehenbiziko saioa otsailaren 16an jokatu zen Ezpeletan (Lapurdi).
Amaiurrekin batera bertze hameka talde ari dira pisu honetan: Ibarra (Gipuzkoa), Abadiño A eta B (Bizkaia), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Murueta (Bizkaia), Baiona (Lapurdi), Basaburua-Imotz (Nafarroa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Txantrea (Nafarroa), Iparralde (Urduliz, Bizkaia) eta 6 Conceyos (Asturias, Espainia). Ezpeletako lehen saio horretan etxeko taldea, Ñapurrak, nagusitu zen. Amaiurrek, berriz, zazpigarren postuan berdindu egin zuen Baionako taldearekin, beraz, txapelaren borrokatik urrun.
600 kiloko bigarren jardunaldia martxoaren 3an jokatuko da Urdulizko pilotalekuan eta azken saioa martxoaren 9an Ibarrako kiroldegian. Ondotik, martxoaren 16an jokatuko da gizonezkoen 560 kiloko txapelketa saio bakarrean, baina hemen ez da Amaiur lehiatuko. Martxoaren 23an, 600 kiloko txapelketa mistoa jokatuko da Laudion (Araba), hemen ere Nafarroako ordezkaritzarik gabe.