Omenaldi hunkigarria egin zaio Larreko bertsulari zenari

Franck Dolosor 2013ko martxoaren 4a

Larreko zena Jean Ithourria pilotazale eta sortze lagunarekin joan den abenduan. Biak Ibarrun auzoan sortu ziren 1924an. Franck DOLOSOR

Otsailaren 5ean hil zen Jean Pierre Soudre, 88 urtetan

Afrikako erran zahar batek dio gauza bera direla adin haundiko lagun bat pausatzea eta suak liburutegi oso bat sun­tsitzea. Gogoeta hori egiaztatu da otsailaren 5ean Jean Pierre Soudre La­rreko zendu delarik 88 urtetan, bat batean, go­xoan, Iba­rrun­go Ixtilartea sorte­txean.Laborari iba­rrundar hau 1924ko irai­laren 12an sortu zen. 1958an Kattalin Iriart saratarrarekin ezkondu zen eta sei seme alaba izan zituzten. Bertsuzaletasuna gazte gaztea zelarik etorri zitzaion. Noiz nahi bertsuak etor­tzen zitzaizkion bururat eta berehala paperean idazten zituen. Haurra zelarik ber­tsuak entzuteko parada izan zuen herrian eta etxean berean Ma­txin Irabola senpertar bertsulariaren ahotik. Ixtilarteko seme zaharrenak 11 urte ber­tzerik ez zituen Urdazuri aldeak sekulan eman duen bertsulari haundie­na zendu zelarik. Halere, Matxinen umore onaz eta ironiaz biziki on­gi oroi­tzen zen La­rreko. 
 
Irabolaren bide bera segitu zuen Soudrek eta gisa huntan ehunka ber­tsu asmatu eta ida­tzi izan ditu hainbat gairen in­guruan. 1954ean bi sari eskuratu zituen Eskualzaleen Biltzarraren eskutik Senpereri buruzko eta “Arrotzen manerez” sai­lekin. Bi urte geroago, Herria astekariak aipalatu zuen zoin­gehiagokan lehen saria eskuratu zuen Axularri bu­ruzko ber­tsu sailarekin. 
 
Senperen besta guti ospatzen da Larrekoren bertsuak kantatu gabe. Hitzen bidez adinekoak eta gazteak lotzen erdie­tsi zuen Soudrek. Mar­txel Brave eta Jean Noel Bessonart kantari senpertarrek musikatu dituzte Larrekoren zonbait bertsu eta “Senperta­rrak gare” ezagunena bilakatu da eta he­rriaren ikurra eta himnoa bihurtu da. Joan den otsailaren 9an Senpereko Jondoni Petrikari elizan ospatu ziren Larreko zenaren ehorzketetan kantu alai hau eskaini zuen Brave eta Bessonart bikoteak. Hil kutxaren ondoan kitarra entzutea eta holako “alegeratasuna” ikustea harrigarria egingo zitzaien askori. Dena den, Larreko mundu huntatik baldin badoa bere obra gelditzen da. Larrekok berak zioen «eskuararik gabe, kantuz ari gabe gu deusik ez gare!». Hori gogoan harturik, ehorzketan berean bertsutan kantuz aritu ziren Jean Louis Hariñordoki Laka eta Fermin Mihura. Azkaindarrak azpimarratu zuen Larreko zenak zuen atxi­k­i­mendua Senpere, Euskal Herria eta familiaren­tzat. «Gaur herioak ez dezake hauts gure arteko lokarria» argitu zuen Mihurak. Baigorriarraren ahotik hitz hauek entzun ziren: “Agur Larreko/ Eto­rri zauzu/ Zeruratzeko orena/ Pozik ditaizke Matxin eta Panpili zena/ Hirukotean zu zinelakoz pertsularirik gaztena/ Heien bidea hartu zinuen baitzen bide ederrena”. Bertzalde, Lakak oroitarazi zuen Larrekoren oihartzuna urrun heltzen zela He­rria astekariari esker. Izan ere, herrietako berrien artean ainitzetan agertzen ziren Larrekoren bertsoak. “Senpertarrentzat maiz baizinuen zerbait polit botatzeko/ Hainbeste urtez arizan zira nola egin eskertzeko?” galdetu zuen Lakak.
 
Urteak ez dira debalde iragan eta ehunka ber­tsu sakon bezain maitagarriak asmatu ditu ibarrun­darrak. Batzuk gure herriaz: “Urxuri gainean zoin den eder Senpere / Hogoi ehun jende goiti han bizi gare / Eskualdunak gare oraino halere segura nahi ere / Ta federik gabe, eskuararik gabe Senperen deus ez gare”. Bertze batzuk haur denboraz: “Ibili gare eskolan  /Ginauzkatela ikaran / Trebe etxeko mintzairan / Gu ezin heziz erdaran / Segur bazuten aski lan”; eta azken hau Euskal Herriaren etorkizunaz “Nafar, Xubero, Lapurdin / Gazteak juan zauzku berdín / Herri hau saldu ez dadin / Lana behar da Euzkadin!”.
 
80ko hamarkadan “Nere pertsuskak” bildu­ma plazaratu zuen La­rrekok. Oxtikenekoak kultura elkarteak bi urtero apailatzen duen kantu xaharren bazkarirat gogotik joaten zen eta lagun­tza eman zuen ere “Senperetik Senpererat” eta Matxin Irabolaren biografia osatzeko. 2012ko udazkenean, Larrekoren 160 perla bildu eta agertu ditu liburu batean Ez da Musik Senpereko kul­tura elkarteak. Obra balios hunekin Lapurdi eta Senpere euskara bizi eta garbian hobeki ezagu­tzeko parada du irakurleak. Mende bateko historia ere denen esku dago liburu huni esker. 
 
Ez da dudarik senpertarrek eta, oro har euskaltzaleek, ainitz zor diogula Larreko zenari! Goresmenak, milesker eta ez adiorik!
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun