Neguko berriak eta gorabeherak aipagai

Markel LIZASOAIN 2013ko mar. 4a, 08:50

Herria bizirik, eskola bizirik aldarrikatu dute inauteetan

Azken hilabeteetan, hiru saldistar joan zaizkigu. Eta doluminak agertu nahi genizkieke haien guzien familiakoei. Basilio Erasun Elizalde otsailaren 12an hil zen, 88 urtetan. Juan Bautista Elizalde Elizalde, ilbeltzaren 13an, 81 urte zituela. Martin Juanenea Aizega, 2012ko u­rriaren 9an, 91 urtetan. Hiru horietaz landara, 2011ko abuztuaren 8an Martinen emaztea hil zen: Mª Bautista Mari­ezkurrena Bazterrika, 85 urtetan. Goian beude.
 
JAIOBERRIA
Aurre horretan, haur bat jaio da Etxezarrean, erdia Ttuttengoa erdia Apezengoa, eta goraintziak eman dizkio he­rriari bere ganbelatik.
 
EGURALDIA
Negua triste sama­rra doa. Otsailera artino, ez du fundamentuz hoztu, eta elurra hil honetan bakarra egin du zer edo zer baino gehi­xeago herrian. Euritik eta haize zakarretik, be­rriz, majo ase gara. Egun garbiak, ordea, gutxi, eta kazkabar egunak bat baino gehiago. Ea udaberrian denen gustuko aroa egiten duen.
 
INAUTEAK
Inote miote, txerri txar bat hil dute, batek tira, besteak tira, puxtana atera diote. Aurten inote egun asko izaten ari dira. Haurrak eta gurasoak ibiliak dira karrika errondan eskolarekin, Egun da Santimamiñe doinuan bertsoak kantatuz. Beintza-Labaien eta Saldiasko eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Eskola bizirik, herria bizirik aldarrikatu zuten. Eta etxez etxekoa martxoaren 9an izanen da. 8an bezperako afaria. Tabernan dago izen emateko zerrenda.
 
TXERRI HILTZEAK
Txerriak hil eta puskatu dituzte zenbait etxe­tan, eta orain hor­txen dauzkate ziztorrak, zintzilika, idortzera utzi­ak; odolkiak eginak, eta magrak-eta gatzez estaliak.
 
ETXE KONTUAK
Gauza jakina da Joanekoek Tolarea erosi dutela eta Mantxengo bordakoek Joantrenea. Otxone berritua ere salgai ote dagoen. Honako etxe hauetako lanak, berriz, franko aurretuak daude –animo!–: Irtekoak, Xunbillenekoak, Man­txene berrikoak eta Koskorrengo alabaren etxe berrikoak.
 
KRISIA
Hemen ere gogor jo du krisiak, eta ez zaio ikusten akabilarik. Ba­tzuk lan gutxirekin edo batere lanik gabe daude. Beste batzuei lanaldia gizendua diete edo jornala txartua. Labo­ran­tzako produktuen prezioa, berriz, zola joa zegoen krisia bera eto­rri baino lehen ere, eta ka­sik esan daiteke mesede egin diola ekonomia beheraldi honek labrantzeroari. Politikari zenbait, berriz, joan den aspaldixkoan usanduak geneuzkanak, orain hasi da agertzen zer ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun