Martxoaren 9an, larunbatean goizeko 11:00etatik 12:30era Doneztebeko Askin Udal Haur Eskolak (0-3urte) ateak zabalik izanen ditu, bisitatu nahi duten guraso nahiz bertzelako interesatuentzat.
Jardunaldi honetarako deialdi zabala egin diete 0-3 urte bitarteko seme alaba duten familiei. Gonbidapen honen bitartez eskolako espazio ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea izanen dute, eskolako lantaldea ezagutu, baita galderak eta zalantzak planteatzeko ere. “Eskolan erabiltzen dugun pedagogia azalduko dizuegu”, aipatu digu Diana Pruaño zuzendariak. Heldu den ikasturtean lehen aldiz edoskitzaroan dauden 4-12 hilabeteko haurrendako gela eskainiko dute, zortzi lagunentzako tokiarekin.
Askin Udal Haur Eskolan aurre-matrikula egiteko epea martxoaren 22ra arte irekita dago eta aukera dago jornada osoa edo erdia aukeratzeko. Horretarako Haur Eskolara (948 451868) edo Herriko Etxera joan behar da. “Haur Eskola espazio pribilegiatu bat bihurtzen da berdinen arteko harremanetarako, komunikaziorako, autonomiarako, autokontzepturako. Hezkuntza espazio hau haurrak berezkoak dituen ahalmenak, potentzialitateak eta aberastasunak garatzen laguntzen du” erran digu Diana Pruaño zuzendariak.