2008an kaleratutako lehenengo diskak izan zuen harrera ona ikusita, bigarren diska bat sortu dute. Lan berrian, hamabi kantu biltzen dira. Antzinako bederatzi kanta eta berriagoak diren beste hiru interpretatzen dituzte Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 15 lagunek. Diskaren salmentatik lortutako diruarekin ekimen solidario bat jarri dute abian. Disko bakoitzaren salmentarekin euro bateko dohaintza eginen baitiote Baztan, Bortziriak eta Malerrekako laguntza sozialei. Horrela, eskualdean bizi diren eta egoera ekonomiko larrian dauden familiei laguntzeko asmoa dute. Dagoeneko 2.000 euro bilduak dituzte. Kopuru hori eman diete aste honetan egindako prentsaurrekoan Angel Mariezkurrena, Luis Mari Retegi, Aitor Ibarra taldekideek eskualdeko laguntza sozialetako ordezkariei. Zehazki Migel Mari Irigoien, Bortzirietako Gizarte zerbitzuen mankomunitateko presidentea eta Jon Elizetxe, Baztango zinegotziari.