Javier Urriza izan zen irabazlerik handiena urtarrilaren 31n Galarretan egin zen 2012ko Urrezko Erremontearen Galan. Iruñeko aurrelariak Koteto Ezkurraren lekukoa hartu eta iazko erremontista onenaren Urrezko Erremontea eskuratu zuen. Xanti Uterga doneztebarrak A multzoko erremontelari erregularrenaren saria jaso zuen eta Gorka Urtasun iruritarrak frontoi laburreko erremontista onenarena.
Ez zen inolako ezusterik izan Javier Urrizak Urrezko Erremontea jasoko zuela jakinarazi zutenean. Izan ere, iaz buruz buruko txapelketaz gain, binakakoa ere irabazi zuen Barrenetxea IV.arekin eta buruz buruzko Orona Masterra ere eskuratu zuen. Hiru txapel nagusiez gain, Gipuzkoako Diputazioaren Torneoa ere irabazi zuen. Urrezko Erremontea ez zen Urrizak jaso zuen sari bakarra izan, sare sozialetan, twitter eta Facebooken batez ere, gehien mugitzen den erremontelariari emandako Ipad-a ere eskuratu baitzuen.
Baina Urriza ez zen saridun bakarra izan. Urte osoko erregulartasunaren sariak banatu ziren eta partida nagusiak jokatzen dituztenen A multzoan, Xanti Uterga doneztebarra izan zen iaz erremontelaririk erregularrena. Lan istripua izan zuen Utergak azaroan, baina bere zenbakiak hor daude. 49 partida jokatu zituen iaz eta 35,29 puntu eskuratu zituen (gehienez 40 izan daitezke). Gainera, Udaberriko bigarren saria irabazi zuen Ionekin batera eta bere lesio larriaren aitzinetik, binakako txapelketaren buru zen Etxeberria III.arekin batera. B multzoan, Urrestillako Aritz Etxeberria izan zen erremontelaririk erregularrena. Gorka Urtasun iruritarra ere saritu zuten Erremonteaen Galan, frontoi laburreko erremontelari onenaren izendapenarekin. Eguberrietako sariketa irabazi zuen.
Sariak banatu aitzinetik jokatutako txapelketa azkarrean Urriza eta Barrenetxea IV.a nagusitu ziren.