Ortzango errekan lan haundiak egiten dituzte joan den urriaz geroztik. Euria eta ur zikinak biltzeko hodi guziak berritzen ditu Hego Lapurdiko hiriguneak. Orotarat, 1.200.000 euro gastatzen dira lan horietan baina herri elkargoak hartu du bere gain parterik haundiena herriko etxeak 300.000 euro baizik ez baititu ordainduko. Aintziraren sartzean ur biltegi haundia prestatzen ari dira. Aparkaleku eta berziklatze gune berriak estaliko duten ziloa egina da jadanik eta orain hodiak berritzen dituzte karriketan eta hondartzan. Apirilean betiko itxura berreskuratu behar luke Senpereko auzo turistikoenak.