Ezkontza denentzat legeak, eta horren inguruan izan den debate sutsuak, polemika haundia piztu dute azken asteetan. Gure herrian ere mota ainitzeko iritziak entzuten dira eta ezkontzak herriko etxean ospatzen baitira denen etxerat jo du TTIPI TTAPAk. Christine Bessonart auzapezak dio «ez duela baitezpada begi onez ikusten» ezkerraren proiektu berria. Dena den legea Senperen ere aplikatuko dela segurtatu du. Haatik, harek ez ditu ospatuko sexu bereko bi lagunen ezkontzak. Bere ustez, marko juridiko bat bazen jadanik izateko bikoteentzat eta bikote homosexualentzat. Trabagarria zaio ikustea mota desberdineko familiek eskubide berak izanen dituztela. Ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko homosexualek izanen duten eskubidea ez zaio gustatzen auzapez zentristari. Onartzen du girixtinoa dela eta horrek ez lukela eraginik izan behar bizi eta kudeaketa publikoan baina bere ustez «girixtinoa garelarik molde hortan aritu behar dugu bizitzaren sail guzietan». Christine Bessonart-ek gogoratzen du ez duela sekulan legea trabatu nahi izan, ez dela lege berriaren kontrako ekitaldietan agertu eta ez duela horren kontrako agiririk sinatu. Senperen, auzapez orde batek ospatuko ditu beraz homosexualen ezkontzak, funtsean bertze ezkontzak bezala. Ospakizun gehienak larunbat goizetan egiten dira eta Claudine Ipas auzapez ordeak du hori egiteko ardura azken urteetan.