Xabier Silveira eta Luze final aurrekoetarako lehen sailkatuak

TTIPI-TTAPA 2013ko ots. 19a, 11:24

Lau urtez txapelketan atera ez den Erika Lagoma kantari Lizarrako saioan, Silveira adi duela. Bi lehenbizikoak izan ziren. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Larunbat honetan jokatuko da azken final laurdena Zubirin

Bi saiorekin hasi zen otsaileko lehen asteburuan Nafarroako Ber­tsolari Txapelketaren 41. edizioa. Lizarrako lehen saioan Xabier Silveira nagusitu zen eta biga­rrenean, berriz, Migel Mari Elosegi “Luze”. Bi bertsolari hauek zuzenean lortu dute finalau­rrekoetarako txartela, Etxarrirako eta Elizondorako, hurrenez hu­rren.
 
Bizi-bizi hasi zen aurtengo Txapelketa, ohol­tzara igo ziren sei ber­tsolariek oso saio polita eskaini zuten. Azkenean, Xabier Silveira lesakarrak lortu zituen puntu gehien, eta Etxa­rriko finalaurrekorako sailka­tzea.
 
Bi urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketarik gabe izan ondoren, bertsozaleak bertso gosez zeuden eta lepo bete zuten Lizarrako Gazteriaren Etxeko aretoa. 140 entzulek segitu zuten bertatik bertara saioa, horietako askok mozorrotuta, herrian inauteria ospatzen baitzen.
 
Silveiraren atzetik, Erika Lagoma izan zen bigarren. Lau urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu gabe egon ondotik, Liza­rrakoa Lagomaren itzulera izan zen eta maila ona eman zuen.
 
Bi hasiberri izan ziren saioan, Eneko Fernandez lesakarra eta Xabier Maia elizonda­rra, eta haientzat izan ziren, hurrenez hurren, hirugarren eta lauga­rren postua. Hala ere, gertu-gertu izan zituzten hurrengo bi sailkatuak, Saioa Alkaiza eta Josu Sanjurjo.
 
MIEL MARI ELOSEGI LUZE, NAGUSI ALDATZEN
 
Asteburuko bigarren saioa Aldatzen izan zen. Miel Mari Elosegi Luze leitzarrak saioa irabazi eta zuzenean martxoaren 9an Elizondon jokatuko den finalaurrekora sailkatu zen.
 
Herriko aretoa goraino bete zuten bertan elkartu ziren 100 bertsozalek, ez zen gehiagorik sartzen. Hasierako agurra Larraungo Ber­tso Eskolako kideen eskutik etorri zen.
 
Horren ondotik, saio puntuagarriari hasiera eman zitzaion eta horre­tan beteranoek beren eskarmentuari fruitu ederra atera zioten. Lehia estua izan zen Luze eta Jon Barberenaren artean. Azkenean, kar­tzelako ariketa erabakigarria izan zen eta lei­tzarrak lortu zuen lehen postua. Bigarren, Jon Barberena eta hiruga­rren, Iñigo Olaetxea beteranoa.
 
Bertsolari gazteenen saioa gorabeheratsuagoa izan zen. Iker Gorosterrazurentzat izan zen laugarren postua eta Patxi Castilloren­tzat, bosgarrena. Oskar Sanz de Acedok seigarren egin zuen Txapelketako bere lehen saioan.
 
Nafarroako Bertsolari Txapelketak joan den asteburuan ere izan du segida, Larraintzar eta Iturenen egin diren bertze bi azken-laurdenekin. Azkenekoa, Zubiriko Gautxori jatetxean jokatuko da otsailaren 16an, larunbat arra­tsaldeko 5:30etik aitzinera. Ander Fuentes Ittu­rri zubietarrarekin eta Iban Garro lesakarrarekin batera, Oskar Estanga, Ainhoa Aranburu, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoena ariko dira. Behin saio hau jokatuta, erabakiak geldituko dira­ hiru finalau­rrekoak. Martxoaren 2an Atarrabian, 3an Etxarri Aranatzen eta 9an Elizondon jokatuko dira eta finala martxoaren 23an Anaitasunan.
 
Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafa­rroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.
 
PUNTUAZIOAK
1. Xabier Silveira  352,5
2. El. Lagoma        340
3. E. Fernandez    317,5
4. X. Maia               310,5
5. S. Alkaiza          308,5
6. J. Sanjurjo         307
 
PUNTUAZIOAK 
1. M.M. Elosegi    338,5
2. J. Barberena     331
3. I. Olaetxea         317
4. I. Gorosterrazu  293
5. P. Castillo         291,5
6. O.S. de Acedo  289,5

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!