Eskolako eraikinarekin zer egin erabakitzeko bilera irekia egin zuten otsailaren 2an eta 20 herritar elkartu ziren. 1999an itxi zituen ateak eta oso hondatuta dago eraikina. Duela urte batzuk, udalak irtenbide bat eman nahi izan zion arazoari, baina herritar batzuk aurka egin eta saiakera bertan behera geratu zen.
Udalak eraikinaren argazkiak erakutsi zituen, eta agerian geratu zen egoera tamalgarrian dagoela. Bertaratu zirenen iritziak entzun ondotik, herritar guztiei informazioa bidaltzea erabaki zuten, dauden aukeren artean hoberena aukeratu dezaten. Iritzi guztiak bilduta, udalak hartuko du azken erabakia. Dirudienez, irtenbide egokiena teilatua erabat berritzea litzateke. Eraikuntzan aritzen diren herritarrak daudenez, beraiek eginen lukete berritze lana boluntarioen laguntzarekin. Eraikinaren zati batzuk egokitu eta beheko soilaruan erabilera anitzeko areto bat egin nahi dute.