Arkupeak elkarteak, pasa den urteko ekitaldiak eta aurtengoen aurrerapen bat biltzen duen aldizkaria kaleratu du. Egun, elkarteak 2.629 bazkide ditu; 201 alta eta 52 baja egon dira eta pasa den urtea gogorra izan den arren, urte berrian lanean jarraitzeko gogotsu daudela nabarmena da.
Otsailean, herrietako jubilatuen bestak ospatuko dituzte, mus txapelketa eta dantzaldiekin. Aurtengo berrikuntzetako bat Donostiara eginen duten irteera da. Martxoaren 14an, Akuarium-a, San Telmo museoa, katedrala eta alde zaharra bisitatzeko aukera izanen dute. Ondoren, Aginaga sagardotegian elkartuko dira, menuaz gozatu eta iluntzera arte dantzan aritzeko.
Ohiturari eutsiz, Javierrera irteera, gimnasiaren eguna, Lourdesera irteera... eginen dituzte. Benidorm, Kantabria. Asturias inguruetan ere ibiliko dira jubilatuak.
Zuzendaritza berriaren helburu nagusiena, pasa den urtean arrakasta izan zuten ekintza kulturalak aurten ere eskaintzea izan da. Hartara, informatika ikastaroak, herentzien inguruko hitzaldiak, lorezaintzako ikastaroak... egiteko aukera dute Arkupeak Elkartekoek. Aldiz, Iruña, Agoitz eta Lizarran egiten den bezalaxe, eskualdean ere adinekoen unibertsitatea sortzeko jende gutxi apuntatu zen eta bertan behera gelditu da egitasmoa.
Diru kontuei dagokienez, Nafarroako Kutxaren laguntzak murriztu badira ere, 2012 urteko balantzea positiboa izan da, 1.209,10 euroko superabitarekin. Joan den urtea gogorra izan zen denentzat, baina jubilatuentzat bereziki. Horregatik, Arkupeak elkarteak bat egin du adinekoen koordinadorarekin, erosteko ahalmen duina lortzeko borrokan.
Bertzalde, boluntario lanetan dabiltzan elkarteetan parte hartu nahi duenak, Arkupeak elkartearen telefonoan 948 450878 informazioa eskuratu dezakeela gogorarazi dute.
Interneteko orrialdea ere jarri du martxan www.arkupeak.com eta helbide elektroniko berria dute: arkupeak@arkupeak.com.