1.500 langabetura iritsi da eskualdea ilbeltzean

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 19a

Kasik %10 igo da langabetu kopurua hilabete honetan, Nafarroa osoko igoerarik handiena

Langabeziko datuak gero eta kezkagarriagoak dira eskualdean eta urtarril hondarrean 1.500 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, 2012ko abenduan baino 133 gehiago (%9,73­ko igoera). Langa­betu kopurua neurtzen denetik inoiz ez ziren hainbertze izan eskualdean eta Nafarroa osoko bulegoetan langabezia nabarmen igo bada ere, Doneztebekoak izan du igoerarik handiena.
 
440 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez ilbeltzean, horietatik 78 bakarrik mugagabeak.
 
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 662 lagun daude langa­bezian, abenduan baino 56 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 660 langabetu daude, abenduan baino 51 gehiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, 95etik 111ra igo da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeen artean 57tik 67ra pasatu dira lanik gabe daudenak. 
 
ZERBITZU ETA INDUSTRIA ARLOAN NABARMEN GOITI
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta gainera, urtarrilean 870etik 965era igo da langabetu kopurua. Industria arloan ere 216tik 263ra igo da langabezian daudenen kopurua. Bertze sektoretan ez da igoerarik. Eraikuntzan, 188tik 186ra jautsi da langabetu kopurua. Nekazari­tzan langabetu bat gu­ttiago dago, 31 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 55 lagun daude langabezian, abenduan baino 6 guttiago.
 
LANGABEZIA-DATUAK HERRIKA  |  2013ko URTARRILA
  POPULAZIOA GIZONAK EMAKUMEAK DENETARA
ARANO 121 3 4 7
ARANTZA 645 12 12 24
ARESO 276 5 4 9
BAZTAN 8.035 203 174 377
BEINTZA-LABAIEN 242 9 4 13
BERA 3.798 106 122 228
BERTIZARANA 628 26 21 47
DONAMARIA 436 12 12 24
DONEZTEBE 1.694 61 80 141
ELGORRIAGA 205 8 8 16
ERATSUN 160 7 5 12
ETXALAR 818 26 20 46
EZKURRA 164 5 1 6
GOIZUETA 758 29 19 48
IGANTZI 634 15 15 30
ITUREN 518 14 21 35
LEITZA 2.916 77 75 152
LESAKA 2.807 77 80 157
OITZ 155 9 2 11
SALDIAS 118 11 4 15
SUNBILLA 665 28 22 50
URDAZUBI 378 5 6 11
URROTZ 180 8 3 11
ZUBIETA 295 13 7 20
ZUGARRAMURDI 243 4 6 10
DENETARA 27.189 773 727 1.500
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun