Joaldunek eta mozorroek ederki bete dute lana aurtengoan ere

Arkaitz MINDEGIA 2013ko otsailaren 19a

Joaldun, mozorro, puxka biltze eta kontuen eguneko bertsoekin osatu dira inauteak. Arkaitz MINDEGIA

Kontuen egunean bertsolariek ere joareak jantzi zituzten

Eguraldia lagun izan dugu pasa berri diren inauteetan eta ederki joan dira. Lehendik ere hasiak ziren, baina astelehena eta asteartea izan ziren egunik ede­rrenak. Astelehen goizean gosaldu puxkak bildu ondotik, Aurtizko 16 joaldun eta ttiki ba­tzuk Zubietako joaldunei ongi etorria egin zieten eta elkartean salda hartu ondotik Lasagan elkartu ziren Iturengo 22 joaldunekin, Iturengo plazara joan ziren. Mozo­rro, karroza eta musikariak ere ibili ziren. Ka­rroza politak ikusi ahal ziren: enbor bat zeraman harrijasotzailearena, kotxe zaharrak, Aurtizko jubilatuak Benidorren, Akelarreko sorginak eta bertze mozo­rro ugari. 
 
Astearte eguerdian, Aurtizko eta Iturengo joaldunek puxkak bildu zituzten, eta Aurtizko elkartean elkarrekin salda hartuta indartsu joan ziren Zubietara, bez­perako bisita bueltatzera. 
 
Nahiz eta bi egun hauek izan fuerteenak edo jendea gehien erakartzen dutenak, gainerakoak ere ez dira nolanahikoak. Azken urteetan asteazkena ere polita izaten ari da. Aurtitzen, bazkariaren ondotik puxka biltzea izaten da Iturenen bezala, baina badira urte dexen­te herriko neska gazte eta gaztetxoek herriari buelta emateko joareak jartzen dituztela. Aurten 8 neska animatu dira. Gainera, Aurtitzen ez nahikoa eta Iturenera eta Zubietara joan ziren beraien itzulixka egitera, hartza eta kontzailea lagun zutela.
 
Inauteriak akitzeko, Aurtizkoak larunbat gauean zaharren afaria deiturikoarekin elkartu ziren eta hurrengo egunean kontuak egin eta bazkariarekin agurtu ziren. Iturenen egun osoko besta izan zuten larunbatean. Ibintzako dantzariek saioa egin zuten, Arrospide eta Azurmendik aizkora erakustaldia eta Herriko Etxean bazkaria eta afaria izan zuten. Bazkarian Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariak  eta Imuntzo eta Beloki musikariak izan ziren. Sorpresa ttiki bat ere izan zen, bigarren saioa hasi baino lehen bi ber­tsolariak joareak gerrian jarrita agertu baitziren ganbaran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun