Urtarrileko azken asteburuan inauteriak pasa genituen eta nola gainera, izugarrizko giroan. Ortziral goizean 30 gaztek eman zioten hasiera Ariztigain kanpinean gosari eder batekin. Ondoren, ohiturari segituz baserrietan eskean ibili ziren bi taldetan banatuak. Mendaur auzoan Exkenekoborda baserrian bazkaldu zuten eta Bidasoa auzoan berriz Istolan. Atsaldean berriz, haurren txanda izan zen. Goitiko eskolatik beheitiko eskolara joan ziren denak eta herrian buelta eman zuten musikaren laguntzarekin. Irakasleek nafarroako inauteriak hartu zituzten gai bezala eta talde bakoitzak mozorro ezberdin bat egin zuen. Haur Hezkuntzako 1. mailakoak Lantzeko Txatxotaz mozorrotu ziren, 2. mailakoak berriz Lesakako zakuzaharrak eta 3. mailakoek Iturengo joaldunak egin zituzten. Lehen hezkuntzako 1. mailakoak Unanuko Mamoxorroak, 2. mailakoak Berako Iñude eta Artzaiak, 3. eta 4. mailakoak Tuterako zipoteroak eta azkenik 5. eta 6. mailakoak herriko mozorroak. Zorionak eskolako irakasle talde guztiari egindako lanarengatik.
Ondoren frontoira joan eta talde bakoitzak kanta batekin dantza bat eskaini zuen. Ondoren txokolatada eta musika izan zen. Gauean, emakumeen txanda izan zen. Ulibeltzak elkartean 101 emakume elkartu ziren, giro ederrean mozorro ezberdinekin. Sorpresa ere izan zuten, bingora jokatzeko aukera izan baitzuten ETBko Atsuak-en eskutik. Bingoan linea egin zuenari zapela bat oparitu zioten (Atso Afaria Txapelduna 2013), eta hau eskuratu zuena Edurne Urroz izan zen. Ondoren dj-ak giro ederra paratu zuen.
Larunbatean gazteek herrian barna eskea egin zuten, gosaria Bustitzen, bazkaria Fondan eta afaria Elor-Txurin. Haurrek berriz ere beraien momentua izan zuten Ulibeltzak elkartean disko jaiarekin.
Igandean berriz, orgen desfilea, egun haundia. Eguraldiak lagunduta 14 orga atera ziren desfilera. Hasieran 3 orga, tortilla (1200 arraultzaz eginiko tortilla), salda (400 litro), ardoa (150 litro), gaztaina (80 kilo) eta opilak doan banatuz (2 zaku irin eta 9 barra gazta). Ondoren eskolako 2020 Olinpiadak Sunbillan orga (hipika, judoa, saskibaloia, gimnasia erritmikoa, tenistak, piraguak, halterofilia), bikingoen konkista, pottokak dancing, el conquis, estratosferako jauzia irudikatzen zuen orga, beteranoen zebillako feria, callejeros viajeros en hawai, super mario parti jokoa, haurtzaindegia, juan karlos erregeak Bostwanan egindako ehiza saioa erakusten zuen, eta azkenik senegaldarrak.
Bukaeran zerria eta bildotsa zozketatu eta bi sariak herrian gelditu dira. Zerria Arantxa Ibarrarentzat eta bildotsa Jose Migel Zelaietarentzat. Bukatutakoan gazte taldeak, hainbertze urteetan boletoak saltzen ibiltzen den Braulio Sanchezi omenaldi ttiki bat egin zioten zapela bat oparituz.
Ulibeltzak elkartean bazkaria eta musika izan zen inauteriak akitzeko.