Topatu.info webgunea ezagutuz eskualdeko hiru blogarien eskutik

Gazte Oihua 2013ko ots. 19a, 09:50

Gazteen komunikazio proiektua iazko azaroan eraldatu zen

Topatu.info Euskal Herriko gazteen komunikazio proiektuak eraldaketa handia jasan zuen 2012ko azaroan. Gazteen informazio eta berriez gain, iritzia, formakuntza eta eztabaidarako tartea ere badu orain, eta gero eta gazte gehiagok jo­tzen dute bertara. Gure eskualdeko Elorri Arin (Azkaine), Ibai Etxart (Legasa) eta Maddi Ane Txoperena (Hendaia-Lesaka) proiektuari batu be­rri zaizkio. 
 
Zer da Topatu?
Ibai: Euskal Herriko gazte mugimenduaren web ataria. Duela gutxi eraberritua eta osatua.
Elorri: Gazte proiektu komunikatibo bat da. Web­gune horretan, gazteok kuskusatzen ahal dugu, blogarien artikuluak, Euskal Herriko edo nazioarteko informazioak, elka­rrizketak, bideotxoak... Izenak dioen bezala, Euskal herriko gazteak topa­tzeko gunea dugu. 
Maddi Ane: gazteentzako tresna hagitz interesgarria, iritziak trukatu, be­rriak zabaldu, eta aunitz ikasteko aukera ematen duena.
 
Zein gai jorratzen dituzue?
I: Nik 1. sektorea eta he­rrietako bizitzaren inguruan norabidetu dut bloga, baina, askatasun osoa daukagu.
E: Aktualitateari lotutako gaiak aipatzen ditut nire artikuluetan. Kontziente izanik, Maddi Ane eta ni girela bakarrik iparraldetik saiatzen naiz Iparraldeko gaiak ukitzea.
MA: gazte askorentzat ezezagunak diren baina nire ustez garrantzitsuak diren gaiak ikusarazten saiatzen naiz, hala nola, sexualitatea, iparraldeko gaiak, edota burutik pasatzen zaidan bertze edozein gauza. Behin Lesakako txondorrari buruz idatzi nuen.
 
Zer sentitzen duzue blogari izatean? 
I: Askotan bertigoa eta beldurra, hainbertze jenderen aintzinin zure hausnarketak plazaratzeko. Hala ere, jendearen eran­tzuna ikusirik, hurrengoa idazteko gogoa pizten zaizu!  Pertsonalki, kolektibo baten parte zarela sentiarazten zaitu. 
E: Hasieratik beldurra sentitzen nuen, baina zer idatziko dut? Eta nork irakurriko du? Baina, piskanaka ikasten ari naiz, nere ingurukoen oharrak aintzat hartuz hobetzeko asmoa dut. Webgunea nola erabiltzen den ikasten ari naiz. Horretan, eskerrak eman nahi dizkiot Topatuko ekipoari.
MA: Barne-zalantza aunitz sortu arren, Topatun idazteak asko betetzen nau. Idazteak gogoeta­tzera bultzatzen zaitu, eta zure ideiak zabaltzeko txoko bat edukitzea opari bat da.
 
Ze erantzun du irakurleen aldetik?
I: Irakurleek sarrera bakoitzaren ondoan aukera du bere iruzkina uzteko. Irakurleek asko parte hartzen dute aportatuz eta kritikatuz. Hau da hoberena, erabateko jakintza eta iritzi elkartrukea ematen da. Askotan gure sarrerak baino interesgarriagoak dira iruzkin batzuk.
E: Orokorrean oso eran­tzun positiboa da. Topatun gazte asko sartzen da eta komentarioak uzten dituzte. Irakurleen aldetik ikusten da artikuluak irakurri ondoren gurekin konpartitzeko asmoa dutela, eta azken baten denok dugula blogarien txokoa egiten.
MA: Egun batean masturbazioari buruzko artikulu bat idatzi nuen eta 20 iruzkin jaso nituen! Pozgarria da ikustea gero eta gazte gehiagok irakurtzen dutela eta parte hartzen dutela gainera!
 
Zer erranen zenieke eskualdeko gazteei?
I: Seguru Euskal He­rrin zu bezala pentsatzen duten asko daudela! Eta seguru  www.topatu.info-n bakarren bat topatuko duzula!!!
E: Webgunea leku interesgarri bat dela, Euskal Herriko informazioa edukitzeko, ikasteko, pen­tsatzeko, sentitzeko, formatzeko… Topategian, hainbat argazki, elka­rriz­keta edota erreportaje aberasgarriak topatzen direla. Bukatzeko, animatu nahiko nituzke gazteak beraien saguekin topatu gunea biluztera.
MA: Gai aunitzen inguruko informazio eta iritziak daudela, eta merezi duela bertan parte har­tzeak! Egizu klik beldu­rrik gabe!
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun