«Denbora bankuan dagoen txanpona bakarra lan-ordua da, zerbitzu trukea»

Eneritz IRAOLA 2013ko otsailaren 19a

Mixel Gereka, Malerreka Trukerreka denbora bankuko kideetako bat da. Utzitako argazkia

Denbora bankuan, txanponek ez dute baliorik. Diruz ordaindu beharrean jakintza edo trebetasunak trukatzen dira. Batek zerbitzu bat eskain­i eta berari beste zerbitzu batekin ordaintzen zaio.  Edozein izaten ahal da zerbi­tzua, horretan ematen duzun denbora, lan-orduak hartzen baitira kontuan. Malerrekan berriki jarri du abian proiektua Malerreka Trukerreka taldeak. Proiektu irekia da eta edonork har dezake parte. Interesa dutenek, izena eman beharko dute malerreka.trukeados.net helbidean eta hortik aitzinera trukean hasi. 
 
E. IRAOLA
 
Zer da Malerreka Trukerreka?
Malerrekan martxan ja­rri dugun denbora ban­kua da, dirurik gabe funtzionatzen duen bankua. Gure txanpona bakarra lan ordua da,  zerbitzu bat beste batengatik truka­tzea da asmoa. Mundu guztiari zabaldik dagoen taldea da. Ideia nagusia da zure denbora nirea bezain baliotsua dela.
 
Zein da helburua?
Sare sozial bat sortzea, harremanak bultzatzea, beste modu batean bizi daitekeela ikustea eta konsziente izatea denok garela gauza zerbitzuak eskaintzeko, baina bes­teen beharra ere badugula. Truke sare bat sor­tzeko bidea da. Krisi egoera honi aurre egiteko modua da.Fun­tzionatzeko beste modu batean oinarritua, dirurik gabe.
 
Zein pauso eman behar dira?
Denbora bankua erabili ahal izateko erabiltzaile kontua sortu behar da malerreka.trukeados.net orrialdean. Internet bidez kudeatzen da guztia. Horrela ahalik eta modurik autonomoenean egin liteke trukea. Talde bakoitzak dinamizatzaile bat du, pertsonei lagundu eta taldea dinamizatzeko. Dinamizatzaile horrek kontaktu zuzen bat ere egiten du interneteko erregistroa egin duenarekin.
 
Nola funtzionatzen du?
Erregistroa egiteagatik hamar ordu eskuratzen ditu erabiltzaileak gure bankuan. Hasiera ez da hutsetik hasten. Denok ditugu ordu batzuk gure onurarako eta horrek mugimendua lehenago hastea dakar. Gero gure atarian sartu eta bakoitzak nahi dituen zerbitzuak eskaini edo eskatu di­tzake. Eman dezagun, zure etxea margotzeko pintore bat behar duzula. Bere burua eskaini duen norbait baldin badago berak zerbi­tzua eskainiko lizuke.
 
Nola ordaintzen da gero zerbitzu hori?
Ez da beharrezkoa zerbitzu bat eskaini digun pertsonari trukaketa zuzenean itzultzea. Agian zure zerbitzua baino bes­te batena berari gehiago komeni zaio. Zerbitzu gurutzatuak sor­tzen dira. Zure etxea margotzeko hiru ordu behar izan baditu, interneteko gure plataformaren bidez ordu transferentzia bat eginen diozu, zure orduetatik hiru pasako dizkiozu berari. Hiru ordu horiek berreskuratzeko zuk bestelako zerbitzuak eskaini ditzakezu, adibidez, hiru per­tsona desberdinei, hiru egunetan pas­telak egitea.
 
Eskari eta eskaintzak badu mugarik?
Bai, oreka bat egotea bilatzen dugulako. Zerbitzuak eman bakarrik edo eskatu bakarrik egiten badituzte trukerik ez da egonen. Ez lukete mugimendurik sortuko. Asmoa da ahalik eta mugimendu gehien sor­tzea. Jarri diren mugak  -10 eta +25 dira. Konfidantzaren ikurra ere bada minus hori.
 
Eta zerbitzua talde bati eskaintzen badiozu?
Kitarra klasea ematen badiozu ordu betez bost laguneko taldeari, ordu bat jasoko duzu zuk eta beste lau orduak ordu-kaxa komun batera joanen dira. Denon orduak berdin balio dugula diogunez, ez litzateke bidezkoa izanen bestela. Kaxa horretako orduak denen mesederako erabiltzen dira. Adibidez, taldeak besta bat antolatu nahi badu, hori antolatzeko ordu-kaxa horretatik ordainduko litzateke zerbitzua.
 
Etorkizunean zein helburu dituzue?
Sarea gehiegi zabaltzea baino egonkor­tzea li­tzateke helburua. Ikustea denbora bankuak funtzionatzen duela eta sinistu daitekeela bes­te sistema bat posible dela. Zerbitzu trukeen mugimendu handia izatea nahiko genuke.
 
 
ETORKIZUNA
«Sarea gehiegi zabal­tzea baino egonkor­tzea litzateke helburua. Ikustea denbora bankuak funtzionatzen duela eta sinistu daitekeela beste sistema bat posible dela. Zerbitzu trukeen mugimendu handia izatea nahiko genuke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun