Finalaurrekoetan kantatuko duten hemezortzi bertsolarien izenak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 18a

Itturri zubietarrak lortu du final aurrekoetarako txartela, ez ordea Iban Garro lesakarrak. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Oskar Estangarentzat izan zen Zubiriko azken-laurdena

Zubiriko Gautxori jatetxeko aretoan larunbat arratsaldean jokatu zen saioarekin lehen fasea akitu du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Oskar Estangak bildu zituen puntu gehien eta zuzenean sailkatu zen martxoaren 2an Atarrabian jokatuko den finalaurrekorako. Harekin batera, saioan kantatu zuten bertze bi bertsolarik ere lortu zuten hurrengo faserako sailkatzea: Ander Fuentes “Itturri” zubietarrak eta Joxema Leitzak.

Zubiriko Gautxori jatetxeko aretoan larunbat arratsaldean jokatu zen saioarekin lehen fasea akitu du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Oskar Estangak bildu zituen puntu gehien eta zuzenean sailkatu zen martxoaren 2an Atarrabian jokatuko den finalaurrekorako. Harekin batera, saioan kantatu zuten bertze bi bertsolarik ere lortu zuten hurrengo faserako sailkatzea: Ander Fuentes “Itturri” zubietarrak eta Joxema Leitzak.

Giro ederra izan zen Zubiriko saioan, 140 lagun inguruk segitu zuten bertatik bertara saioa eta gozatu zuten bertsolariek egin duten lanarekin. Saioa hasi aurretik Zubiriko eskolako gaztetxoek ongi etorria egin zieten bertsolari eta bertsozaleei, bertso batzuen bitartez. Saioak lehia estua utzi zuen sei bertsolarien artean, eta azken ariketa arte sailkapena nola geldituko zen airean egon zen.

Azkenean, Estangak lortu zen lehen postua, baina bi puntuko aldea besterik ez zen izan bigarren sailkatuarekin. Joxema Leitzak eta Iban Garrok, bakarkako lan polita egin ostean, hirugarren eta laugarren postua eskuratu zituzten. Ozta-ozta Leitzak ere finalaurrekoetarako txartela lortu zuen.

Puntuazioa horrela gelditu zen:

Oskar Estanga, 316,5 

Ander Fuentes “Itturri”, 314,5 

Joxema Leitza, 304,5 

Iban Garro, 297 

Ainhoa Aranburu, 283 

Unai Uberetagoena, 274

 

18 bertsolari, finalaurrekoetara

Zubiriko saioarekin amaitu dira azken-laurdenak eta erabakita gelditu da finalaurrekoetan zein bertsolari arituko diren. Julio Soto iazko txapelduna hasieratik zegoen sailkatuta eta harekin batera beste hamazazpi bertsolarik lortu dute bigarren faserako txartela. Horrela gelditu dira finalaurrekoak:

Martxoak 2, larunbata Atarrabia. Kultur Etxea, 17:30

Julio Soto, Oskar Estanga, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman, Joxema Leitza

Martxoak 3, igandea Etxarri Aranatz. Kultur Etxea, 17:30

Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri”, Josu Sanjurjo

Martxoak 9, larunbata Elizondo. Lur aretoa, 17:30

Migel Mari Elosegi “Luze”, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Xabi Maia, Saioa Alkaiza

Finalaurrekoetarako zein finalerako sarrerak salgai dira www.bertsosarrerak.eu web gunean. Saio guztietan aforoa mugatua da, hortaz komeni da horiek lehenbailehen erostea.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun